Aulkitik

Gurea da

Erabiltzailearen aurpegia

Igandea eta partida. Helburua beti bezala 3 puntuak lortzea. Baina autobusera igo eta giroan nabari zen ez zirela edonolako 3 puntu. Bakoitza berera: batzuk irakurketa, besteak unibertsitateko lanetara, musika, elkarrizketak… Buruan bueltaka seguru denak zutela partida garrantzitsua zetorrela Castejonen aurka.

Astero bezala neskek argitu zidaten zein zen ligako egoera. Castejonek gure modura helburu bakarra zuen: partida irabazi eta 3 puntuekin geratzea mailari eusteko. Baina argi zeukaten Tolosako neskek gureak izan behar zirela puntu horiek.

Castejonera sartu eta hura ez zen Tolosa: zerua urdin-urdin, garbi-garbi eta sekulako beroa. Autobuseko leihotik behera begira nindoala herri osoan ez nuela pertsona bakarra ikusi esango nuke. Halere, Imanol eta Iraitzek argi zuten hura ez zela aitzakia izango, ez beroa ez beste ezer. Maddik soluzio erraza jartzen die horrelakoei, botila ur edan beharrean, bat eta erdi eta listo.

Partida hasi zen eta lehenengo zatia aldeko, 0-1. Halere, entrenatzaileak ez zeuden guztiz konforme, markagailuak eta gol aukerak gorantz jarraitu beharra zuten bigarren zatiari segurtasunez eusteko. Iritsi zen urdinen bigarren gola eta hortik minutu batzuetara nafarrena. Azken minutuak luze, baina eutsi zioten markagailuari tolosarrek, lortu zituzten 3 puntuak eta nik dakidan batzuek lasai hartu zuten arnasa partida amaierako txistuak aditzean.

Tolosara buelta autobusean beste kontu bat. Neskak pozik, musika dena emanda eta kantari. Kantatzea egia esan ez da nabarmentzeko beraien talentu bat, baina giroa sortzen eta umorez ez die askok irabaziko.

Ez dakit nik kasualitatea edo ez, baina bi goleatzaileek (Eider eta Helene) ohatila zapaldu zuten partida aurretik… Hortxe uzten dut! Eta taldeko porra eman nuen Ainararekin bat, igandean dena aldeko!

Animo neskak, azken txanpa denboraldia merezi bezala bukatzeko; eman gogor entrenamenduei eta gurea da hau! Ospatuko dugu, ziur izan!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!