Aulkitik

Pasa den denboraldia gogoratuz...

Erabiltzailearen aurpegia

Partida berezia zen. Pasa den denboraldian bizitakoa gogorarazi zidan. Aurreko urtekoa denboraldi polita eta zaila izan zen aldi berean; partida guztietan hiru puntuak lortzeko presioa, golik ez jasotzeko eta asko sartzeko nahia...

Aurreko urteko aurkari zuzena Arratia izan zen, bigarren gelditu zirelarik. Hasiera batean ligako lehenengoak bakarrik lortuko zuen igoera, baina behin guk lehen postua lortuta, bigarrena ere igoko zela iragarri zuten. Eta orduan taldekide guztiak pentsatu genuen, berriro ere, Arratia aurkari izango genuela.

A priori, pentsa genezakeen Arratia gure ligakoaurkaria izango zela, baina emaitzek ez zuten hori erakusten: 8. jardunaldian Arratiak 16 puntu eta guk 7, alegia, 9 puntuko aldea. Eta orduan galdetu nion nire buruari: «Nola izan daiteke aurreko urtean gu beraien gainetik geratzea eta aurtengo denboraldian 9 puntu ateratzea? Taldekide askok esaten zuten fitxaketak egin zituztela udaran...».

Partida hasi baino lehen, beraien hamaikakoa ikusi nuen Twitter-en. Eta gehienak betikoak ziren, bi edo hiru ezik (ez nituenak ezagutzen). Aurreko urteko ia talde berbera bazen, aurre egiteko prest geunden.

Partida itsusia eta grisa izan zen. Beraiek partidaren pisua eraman zuten, baina ez baloiaren jabetza eduki zutelako, baizik eta gu baino gehiago gerturatu zirelako gure atera. Beraiek 9. minutuan sartu zuten lehenengoa. Guk, 20. minutuan sartu genuen berdinketaren gola, Izaroren eskutik. Bigarren zatian beraiek aukera anitz eduki zituzten, baina gure defentsa eta atezainarekin topatu ziren.

Partida honetatik bi ondorio atera nituen; lehena, partidako aukera urriak aprobetxatu genituela, aukera bat eduki eta sarera. Bigarrena, 1-1 emaitzak erakusten du, nahiz eta 9 puntuko aldea izan aurkariarekiko, berdinketa lortzeko gai izan ginela.

Taldeak hobetzeko tartea badu. Oraindik pauso asko eman behar ditugu, baina hasi gara jada pauso txikiak ematen: azkeneko bi partidetan puntuak lortu ditugu. Eta pixkanaka-pixkanaka jokatzeko modua hobetzen hasten garenean, emaitzak bakarrik etorriko dira.

Hurrengo asteko aurkaria Añorga izango da. Txikitatik beti izan dugu lehia handia eta beraiei irabazteko nahiak hor jarraitzen du. Motibazioa soberan izango dugu. Esperantza dut hiru puntuak etxera ekarriko ditugula.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!