Aulkitik

Amorrutik gogora

Erabiltzailearen aurpegia

Aurreko astean Tajonarren lortutako emaitzaren ondoren argi genuen aste honetan dena ematera atera beharko genuela zelaira, 3 puntuak etxean geratu behar baitzuten.

Horretarako, gogor entrenatu genuen aste osoan zehar, eta sentsazio onekin iritsi ginen igandean Berazubira. Hala ere, bagenekien ez zela partida erraza izango, San Ignaciok guretzat berria den kategoria honetan duten esperientziagatik.

Partida nahiko txukun hasi genuen, eta lehenengo zatian nagusi izan ginen. Hainbat aukera eduki genituen ate aurrean, baina ez genuen asmatu. Azkenean, lehen zatiaren amaieran gola iritsi zen Apariren area ertzeko jaurtiketan baten bitartez. Horrela, gogotsu iritsi ginen atsedenaldira, lehen zati on baten ondoren.

Bigarren zatian, aldiz, gauzak guztiz aldatu ziren. Zelaira irten ginen unetik gure jarrera ez zen egokiena izan eta, nahiz eta Irene Etxaburuak sartutako golaren bidez 2-0 aurreratu, partida momentu batetik bestera goitik behera aldatu zen. Beraiek hainbat aldaketa egin zituzten eta gu sufritzen hasi ginen. Atzean sartu ginen, eta beraien lehen gola iritsi zen. Handik aurrera, beraiek indartuz joan ziren eta guk, aldiz, ez genuen lortzen partidari buelta ematea. Ondorioz, beste bi gol sartzea lortu zuten, markagailuan aurretik jarriz. Ahalegin guztiak egin genituen bukaerara arte berdinketa bat lortzeko behintzat, baina San Ignaciok ondo eutsi zion egoerari.

Amorruz bukatu genuen partida, bai baitakigu kategoria honetan 3 puntu lortzea zaila izango dela, baina partida gure alde horrela edukita ezin diogula alde egiten utzi. Hala ere, aste hau gogo handiagoz hartuko dugu, gogor entrenatu eta etxetik kanpoko lehen puntuen bila joango gara Pradejonera.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!