[Harmailetatik] Lehen bi sailkatuen lehia bizia

Erabiltzailearen aurpegia

Larunbata, arratsalde ederra, harmailak beteta eta sailkapeneko lehen bi taldeak aurrez aurre; lehia ikusgarria izateko dena zuen. Gureak, inauteriak pasatu berriak izan arren, partiduaren garrantzia jakinik, astean zehar entrenamendu serioak egin eta ondo prestatu ziren, larunbateko partida aurrera ateratzeko asmoz.

Hasieratik, Arratiakoen jokoa azkarra eta lehiatsua izan zen, beraien helburua partida irabaztea zela argi utziz, sailkapenean gerturatzeko. Tolosako neskek, aldiz, serio, ondo kokatuta eta indartsu jokatu zuten, partiduak eta aurkariak eskatzen zuten bezala. Baina, urduritasuna nabari zen, eta ezin izan zuten gol aukera garbirik sortu.

Beraien arriskua egiten zituzten jaurtiketa indartsuetan etortzen zen, baina, gureek, partida osoan lekua galdu gabe eta zentratuta jolastu zuten. Arratiako jokalari batzuen jarrera, hasieratik, lotsagarria izan zen, probokatzen eta liskar bila; ondorioz, beraien jokalari baten kanporatze azkarra izan zen.

Bigarren zatia aurrera zihoala, berriz, beste jokalari bat kanporatu zuten, eta jarraian gure jokoak arrisku gehiago sortu zuen, Izarok urrutiko jaurtiketa eder batean gola eskuratuz. A ze poza, markagailuan aurretik jartzeak 6 puntuko aldea zekarrela jakinik. Baina, hortik denbora gutxira, falta batetik, beraien gola iritsi zen, partida berriz ere berdinduz, zelaian nahiz jokoan ikusi zen parekotasunaren isla.

Euskal Ligako bi talde onenen arteko lehia gogorra, bizia eta ikusgarria ikusteko aukera izan genuen.

Bukatzeko, txalo handi bat etxeko jokalari guztientzat eta beste txalo bat harmailetako zaleentzat, beraien animo eta bultzadagatik.

Aurrera begira, 6 partidaren faltan, gure jokoa mantenduz gero, bukaeran saria lortuko dugula ziur nago. Gora Tolosa, tra ka tra!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!