Lanean jarraitu behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia
Lanean jarraitu behar dugu

"Herria lotara, hiltzaileak esnatu, hiltzaileak lotara, poliziak esnatu, poliziak lotara, herria esnatu...».

Horrela hasi genuen arratsaldea, larunbatean. Aurkariek autobusarekin arazo txiki bat izan zutela eta, partida beranduago hasiko zela esan zigun Imanolek. Berri horrekin, kartetan jolasten hasi ginen. Herria lo izena duen jolasean, hain zuzen ere. Maddik kartak banatzen zituen eta ahizparen esku beltza itsasten hasi zaiolako-edo, beti polizia edo hiltzailea izatea tokatu zitzaion. Beste batzuk, aldiz, beti herria izan ginen. Hau da hau kasualitatea! Eh, Maddi?

Partidari dagokionez, Bizkerrekoak gogotsu hasi zirela esan beharra dago. Bagenekien ez zela partida erraza izango, izan ere, banako berdinketa lortu genuen lehen itzulian. Beraz, hortzak estutu eta aurkariei aurrea hartu genien lehen zatian, atsedenaldira 2-0ko emaitzarekin joan baikinen (Maria eta Izaro). Bigarren zatian, aurkariek fisikoki behera egin zuten eta, guk, baloia ondo ukituz, beste hiru gol sartzea lortu genuen (Bengo, Maddi eta Zuri). Amaierako emaitza 5-0koa izan zen.

Gauean, kaldereroak zirela eta, batzuk txintxo eta beste batzuk ez hainbeste, garaipena ospatu genuen.

Orain, aste zailak datoz. Tolosan inauteriak hasiko dira, eta egiten ari garen denboraldi bikaina ezin dugu izorratu egun hauetan. Gure helburua lehen itzulia hobetzea da, eta bide onetik goaz. Denboraldia amaitzeko 8 partida, 8 final, geratzen zaizkigu eta lanean gogor jarraituko dugu.

Goazen neskak! Aupa Tolosa!

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!