[Aulkitik] #11, #34, #77, #146, #378... batzuetan ere gehiago izaten dira

Erabiltzailearen aurpegia
[Aulkitik] #11, #34, #77, #146, #378... batzuetan ere gehiago izaten dira

Lesio laburrak zein luzeak, futbolari batentzat gogorrak izaten dira. Mina alde batera utzita, gogorrena da taldekideekin batera ez zaudela ikustea.

Bakarrik zaude entrenamenduetan edo zure egoeran dagoen beste taldekide batekin pasatzen dituzu orduak. Goma berdeen lagun egiten zara, inoiz baino ordu gehiago gimnasioan, ariketen papera eskuetan duzula entrenatzaile edo prestatzailearen azalpenak entzun, eta bakardadera.

Infantiletan Nahia Ayerza errekuperatu berri, baloiaz gozatzen… Duela gutxi ikusi ditugu Usabalen bakoitzak bi makulu eskuetan dituela Garazi Alkain eta Maria Dominguez.

Kadeteetan Malen Magrok orkatila madarikatuarekin nahikoa lan badu, Jare Riañok arazoak kokzixean… denbora dezente minez. Nahia Apariziok Euskal Selekzioaren deia jaso eta lesio baten erruz ezin duela joan erantzutea gogorra da. Javi Martinez entrenatzaileak lunbagoa du: urteak ez dute barkatzen Javitxu (kar, kar).

Erregionalean Nahia Larrañaga osatuta ikusten dugu… denok dakigu nondik pasa den. Ea Alison, Laida eta Ballano denbora luzez ikusten ditugun zelaian, momentu gogor eta luzeak pasatakoak dira eta.

Paula Romanosek bi urte daramatza borrokan eta ez du etsiko… denon eredu zara Paula!

Euskal Ligan Irati Aldalur eta Aiora Galarza egun berean min hartuta batera ibiltzen dira entrenamenduetan; behar baino gehiago luzatzen ari zaie dena… Segituan bueltatuko diren esperantzarekin gaude denok; animo neskak!

Oihana Ugartemendiak badirudi azkenean argia ikusiko duela iluntasunean hilabete asko egon ondoren, altaren zain gaude beasti!

Maria Martijak #378 egun bete zituen larunbatean lesionatu zenetik; belaunean betirako marka izango du. Taldekideak ez ginen bere berragerpenean egon, Hernanira bidaia genuen, baina asko pozten gara Maria. 3 puntuez baino gehiago pozten gara zure itzuleraz. Denok dakigu zenbat lan egin duzun larunbateko eguna iristeko, merezi duzu. Albiste hauen aurrean partiduetako emaitzak alde batera geratzen dira.

Badira beste asko jokatzen ari direnak eta horrelako momentuak pasata daudenak. Ea denok urtea osasuntsu eta baloiaz gozatzen amaitzen dugun.

Gora Tolosako neskak!

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.


EGIN ATARIKIDE!