[Aulkitik] Urtea ezin hobeto hasi da

Erabiltzailearen aurpegia

Urte berri on denoi. Urteko lehen partida Mariñoren aurka jokatu genuen; gogo eta ilusioz geunden partida jokatzeko.

11:00ak aldera abiatu nintzen Berazubira. Hantxe ikusi nituen nire taldekideak, berotzen. 12:00etan heldu ziren aurkariak, eta jokatu behar ez genuenok harmailara joan ginen, partida ikustera. Gainera, beste partidetan baino jende gehiago elkartu ginen, izan ere, Tolosako adin guztietako neskak bertan aritu ziren animatzen.

Partida hasi zen, eta joko garbi eta lasaia egiten ari ginen, beraz, 15. minutu aldera iritsi zen Bengoren gola, gure taldeko pitxitxiarena. Handik aurrera partida gurea izan zen, eta atsedenaldira 4-0ekoarekin joan ginen.

Atsedenaldian zozketa egin zuten, eta Eneritz, Mikel Sanz eta ni irrikitan geunden saria jasotzeko. Nola ez, Antxon Iglesiasi tokatu zitzaion. Ez dakit ba nik, ez ote zen tongorik egon!

Partidaren bigarren zatian lasaitasuna nabari zen gu guztion artean, eta hasi eta segituan iritsi ziren gainerako golak. 7-0 gindoazela, azken minutuetan Mariñok gola sartu zuen, eta urtea ezin hobeto hasteko 7-1ekoarekin amaitu zen partida.

Partida amaitu eta argazki bat atera genuen, Tolosako nesken talde guztiena, eta egun zoragarriari amaiera ezin hobea emateko, denok elkartu ginen luntx-bazkari txiki batean. Gure Maddi bertsotan eta guzti izan genuen, luntx-bazkari berezian!

Urte gogorra pasatu eta gero, taldearekin entrenatzen hasi naiz, eta gogotsu nago berriro taldearekin aritzeko.

Orain, larunbateko partidari eutsi behar diogu, eta hiru puntuak etxera ekarri behar ditugu, sailkapenean goian jarraitzeko.

Maria Martija Tolosa CF, Euskal Liga

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!