Beharrezko hiru puntu

Erabiltzailearen aurpegia
Beharrezko hiru puntu

Abenduak 1, hilabeteari hasiera paregabea emateko garaipen itzela lortu genuen pasa den larunbatean. Aurreko partidan sareratu ez ziren baloi guztiak sartzeko aukera izan genuen.

Aurreko jardunaldian, Barakaldoren aurkako berdinketaren ondoren, beharrezkoak genituen hiru puntuen bila atera ginen zelaira. Nabarmena zen negua gerturatzen ari zaigula, 17:30ak eta jada iluntzen ari baitzuen.

Harmailak guraso zein gure jarraitzailez beteta hasi genuen partida. Bi ateetan hainbat aukera izan eta gero, iritsi zen gure lehen gola. Zuriñek Leioako Emakumeen bizkarrera egindako pase itzelaren ondoren, Bengolek ezin huts egin markagailuan aurrea hartzeko.

Motibazioak gain hartu eta minutu gutxira iritsi zen gure bigarrena. Baita Bengolen bigarrena ere. Baina 2-0 aurretik joanda ere, ezin lasaitasunez hartu partida, oraindik asko geratzen baitzen azken minutura iristeko.

Atsedenaldira heldu aurretik 2-1ekoa egitea lortu zuten aurkariek, eta partidari emozio pixka bat emanez sartu ginen aldageletara.

Bigarren zatia hasi bezain laster Junek baloia sareetara bidali zuen. Maria Herrerok ongi ikusitako pasea eman eta gero. Junek emozioz eta sinistu ezinik gola ospatzerako alde egin zuen bere postura.

Leioako Emakumeek ez zuten amore eman eta beraien bigarrena ere berehala iritsi zen, hala ere, Bengolek ez zuen nahikoa izan bi golekin eta etxera gustura joateko hat-trick egitea lortu zuen.

Azkenik, partidari amaiera emateko Leire zelaira gogotsu eta gol gosez atera zen eta 5-2koa egin zuen. Denbora luzez golik sartu ez balu bezala ospatu zuen, harmailetara begiratu eta eskuak gora igoaz.

Beharrezkoak genituen hiru puntu horiek lortuta arro gaude egindako lanaz. Orain, aste berri hau ilusioz hasi dugu eta astea motza denez, ostegunean jokatuko dugu Zarautzen aurkako partida. Zarautzeko Asti zelaian, 18:00etan.

Animatu zaitezte zuen laguntza behar dugu eta!

Azkenik, eskerrak eman beti guri animatzen dauden guraso zein lagunei, zuek bai jarraitzaile sutsuak!