Lanean jarraitu

Erabiltzailearen aurpegia
Lanean jarraitu

Pasa den jardunaldian Anaitasunaren aurka garaipena lortu ondoren, gogoz hasi genuen astea. Bagenekien partida gogorra izango zela asteburukoa, izan ere, Barakaldo gure azpitik 2 puntura soilik zegoen.

Hori buruan izanda hasi ginen lanean astelehenean bertan.

Iritsi zen igande goiza eta luzarora arte lotan geratzeko ohiturak apurtuz, abiatu ginen 08:45ean Barakaldorantz. Normalean edukitzen ditugun Zuriren gitarra saioen faltan, nahiago izan genuen siestatxo bat bota Barakaldora iritsi bitartean; batzuk, lo gutxi eginda etorri omen ziren, baina hobe izenak ez esatea, ezta Izaro?

Ordu eta zerbait gehiagoren ondoren heldu ginen Barakaldora. Denborarik galdu gabe, jantzi eta partidarako kontzentratu ginen. Imanol entrenatzaileak txarlan esan bezala, azken urteetan bertan lorturiko emaitzak oso estuak izan dira: 2-3, 4-5… Partida zaila izango zen seguru.

Partida hasi bezain laster hasi ginen gure jokoa egiten, baloia atzetik ukituz eta aukerak sortuz. Lehenengo zati osoan zehar hobeak izan ginen, baina ez genuen gola sartu. 0-0 atsedenaldira. Bigarren zatian egoera ez zen asko aldatu. Baloiaren jabetza eduki genuen eta aukera apartak izan genituen, baina oraingoan ere ez genuen baloia sarean sartzea lortu. Modu guztietara saiatu ginen, area kanpotik, barrutik, eskuinarekin, ezkerrarekin, buruz… baina ez, ez zen gure eguna izan. Azkenean 0-0 markagailuarekin bukatu zen partida.
Orain 3. postuan gaude sailkapenean, 25 punturekin eta hurrengo asteburuan Leioako Emakumeen aurka jokatuko dugu; hau ere ez da partida erraza izango, 24 punturekin 4. postuan daude eta. Lanean jarraitzea beste aukerarik ez dago. Tolosa- Leioako Emakumeak, 17:30ean Usabalen. Bertan itxaroten zaituztegu, zuen animoak lagungarriak izango dira!