ataria.eus

Aulkitik: "Urte bat eta zazpi hilabete"

Erabiltzailearen aurpegia kirola

Aste bukaera luzeari probetxua ateratzeko, ostegun eguerdian Igorreruntz abiatu ginen autobusean. Bidaia arintzeko, beti bezala, Zuriñek bere postuan eseri eta kontzertua eskaini zigun.

Berarekin batera koroak eginaz ibili ziren Maddi, Izaro, Naroa, Ainhoa, June… Beste batzuk berriz, magia egiten ibili ginen, kolore askotakoa: beltza, berdea, gorria… Leire eta Nahiaren magia berdearen sekretua zein den asmatu gabe atera ginen autobusetik.

Zelaira iritsi orduko hasi ziren gure nerbioak dantzan, Arratiaren zelaian irabaztea oso zaila baita, gainera urte bat eta zazpi hilabete zeramatzaten etxean galdu gabe. Lehenengo zatia oso borrokatua izan zen eta 0-1ekoarekin amaitu zen, arraroa ez den bezala gure pitxitxiak sartu zuen gola.

Bigarren zatia tentsio handikoa izan zen, tartean Izarok epaileari emandako baloikada bat ere izan zelarik. 0-2koa Maddik sartu zuen, faltaz egindako jokaldi inprobisatu baten bidez. Baina emozio pixka bat emateko 1-2koa sartu nuen gure atean. Baina gehien behar genuenean iritsi zen gure hirugarrena, Irenek ezkerrarekin egindako erdiraketa bat aprobetxatuz berriro ere Bengolek.

1-3 emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka, eta garaipen honi esker sailkapeneko bigarren postuan gaude. Ogitartekoak eta gozokiak jan eta etxerantz abiatu ginen. Bueltako bidaia lasaiagoa izan zen, lo pixka bat ere egin genuen, partidan dena eman genuen seinale. Datorren larunbatean 15:45ean Usabalen jokatuko dugu Pauldarraken aurka. Bertan itxaroten zaituztegu!
Aupa Tolosa!


Ainhoa Garikano
Tolosa CF, Euskal Liga

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa