Irurako herriaren zerbitzura

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2020ko eka. 12a, 19:58
Asensio Iturbe eta Joxi Lasa, Irurako babes zibileko kideak. AMAIA GOIKOETXEA

Adi ibili dira Irurako herri babesekoak asteotan. «Alkatetzan eskaini genuen gure babesa, eta erne ibili ginen egoerak okerrera egin izango balu ere. Asteotarako, leku askotan bezala, boluntario sare bat antolatu zen adinekoei laguntzeko», azaldu du Irurako udal zerbitzuetako arduradun eta herri babeseko kidea den Joxi Lasak. «Hurrengo hitzordua hauteskunde eguna izango dugu: frontoira aldatuko da lekuz hauteslekua, eta han izango gara babes zibilekoak», aurreratu du. Izan ere, egunotan ohiko izaten diren ekitaldiak, trafikoaren kudeaketarako laguntza eskatzen dutenak, ez dira egingo aurten: «Hiru Tontorrekoa izan behar zen ekainean, edota Kirol Astea».

Horiek izaten dira ohiko lanak: «Gehienbat jai kontuak eta errepidea kontrolatzea. Herri mailan festaren bat edo kirol probaren bat egiten denetan, Joxi laguntzea izaten da gure egitekoa batez ere», azaldu du Asensio Iturbek. «Izaten dira larrialdi zerbitzuekin parte hartzen duten taldeak, adibidez, norbait galdu denerako edo erreskatean... guri oraindik ez zaigu egokitu, baina Iruran gertatzen direnei erantzutea da helburua, beti ere kontuan hartuta boluntarioak garela», dio Lasak.

Irurako aguazil lanak egiten aritzen da bera, eta uholde, haizete, elurte edo antzerako hondamendiren bat jazotakoan, bakarrik aritzen zen, «eta horrelakoetan larrialdi zerbitzuak ere gainezka egoten dira». Hala, Iruran 2008an egin zen Kilometroen ostean sortu zen taldea sortzeko ideia: «Segurtasun eta zirkuitu taldean parte hartu zuten batzuei zuzenean deitu genien, eta herritarren artean ere egin genuen deia. 2010-2012 urte inguruan sortuko genuen herri babeseko taldea», gogoratzen du. «Joxik azaldu zigun nola izango zen gauza. Guk argi geneukan ez geneukala esperientziarik, baina herri mailan zela eta horretarako prest geundela, herrian laguntzeko», berretsi du Iturbek. «Momentu puntualak dira, eta gustura egiten ditugu horrelako gauzak».

«Hasieran hamar bat lagun ginen, orain gutxiago. Udalean ari gara hitz egiten, belaunaldi berriak ea sartzera animatuko ote liratekeen eta zer egin»


Bakoitzak dakarrena ondo baliatzen dute taldean: bi ertzain eta udaltzain izandako bat daude, esate baterako, eta trafikoa kudeatzen badute esperientzia. «Bestalde, Kilometroen antolamendu horretan bere trebetasuna erakutsi zuenik ere bazen, eta hori behar genuen». Larrialdi ikastaroak ere egin dituzte: lehen sorospenetan edota desfibriladore automatikoa erabiltzen, beste zenbait herritarrekin batera. «Su eskolako ikastaroak, mendiko orientaziokoak edota helikopteroko erreskateetan laguntzekoak egin ditugu», gehitu ditu zerrendara Joxi Lasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!