Bi ere izan zirenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2019ko abe. 21a, 05:59
Ikasle taldea ezkerrean Gloriatxo Astiasaran maistra eta eskuinean Sorarrainaundiko Urbana Iturzaeta dituztela. PELLO ITURBE

Larraulgo herriguneko eskolaz gain, inguruko landa eremuetan bazen beste eskola bat 50.hamarkada hondarrean eta 60koaren hasieran. Haurren eskolaratzea nekazaritza eremuetan horrenbeste ikuskatzen ez zen garaian eta irisgarritasuna oztopo, Sorarrain auzoko gurasoek beren ekimenez martxan jarri zuten eskola eurenean.

Asteasuko Pello Errota ikastetxearen pean ireki zen berriro ere Larraulen herriguneko eskola txikia duela 11 urte, 2008an. Handik lau urtera ospatu zuen, hain zuzen, Eskola Txikien Eguna. Ez zen, ordea, Larraulek eskola zuen lehen aldia; eta ez bakarra, gainera. Herrigunean izan zen eskolarik aurretik, eta handik at, mendiak zeharkatuta edota Asteasu gurutzatzen duen errepidea jarraituta, Larraulgo landek jarraipena dute herri bizilagunaren lursailek inguratuta: han kokatzen da Sorarrain delako auzunea. Han ere izan zen eskolarik.

Asteasuko eta Larraulgo lursailek osatzen dute Sorarrain auzunea. Erreka bailaraino iritsita, aldapan gora egin eta 2007an Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun izendatu zuen Sorarrain baserriraino iritsita, ezkerretara eginez gero, isilik, barnerakoi, garai batean izan zuen oparotasuna galdu duen zementuzko aztarna biluziekin egingo dugu topo. Egun irudikatzen zaila bada ere, oraingo errepidea bera ere hartzen zuen Sorarrainaundi etxearen lurrazalak. Han abiatu zuen bidea Sorarrain auzoko eskolak.

Zaila da zehazten noiz hasi zen eskola Sorarrainaundin. Urteren bat gorabehera, 1958-1959 urteetan zedarritu dezakegu eskolaren abiapuntua; handik, Goenara eta Sorarrainera mugitu zen gerora eskola. 60 urte inguru pasa izanak gertaera haiek modu lausoan oroitzera garamatzate, halabeharrez.


Ikasle taldea Gloriatxo Astiasaran maistrarekin. GLORIATXO ASTIASARAN

 

Garamatzate edo daramatzate. Sorarrainaundin maistra lanetan aritutako Gloria Astiasaranekin, etxekoak bertakoak ziren Iñaki eta Jone Azpeitia ikasleekin, eta auzoko ikaskideak ziren Pello eta Maria Jesus Iturbe neba-arrebekin eta Joxe Migel Usandizagarekin egin baitugu hitzordua, 60 urtetako denbora lerroa luzeagoa egin, eta gertaerak gehiago lausotu aurretik.

«Zer egin ume haiekin?»

Nekaezina izan da Gloria Astiasaran zizurkildarra: «Ni beti zerbait egin beharrekoa izan naiz: gauza bat ez bada, bestea, baina zerbaiti helduta egon behar izan dut». Irakaskuntzan urte asko egin ditu: besteak beste, Zizurkilen sortu eta gerora Villabonara zabaldu zen Jesusen Bihotza ikastolaren sorreran buru-belarri aritu zen. Antza, berezkoa duen izaera ekimentsu horren berri bazuten Larraulen. Gaztea, oso gaztea zela hasi zen Larraulen maistra lanetan Gloria edo Gloriatxo, askok ezagutzen duten moduan.

«Zizurkilen katekesia ematen nuen oso gaztetatik, eta oso ohituta nengoen umeekin lan egiten», hasi da Gloriatxo oroitzapenen kutxatik ateratzen. «Egun batean, Larraulgo auzo batetik gizon bat etorri zitzaidan. Urrun samar zegoen Sorarrain auzoa deitzen nion hartatik. Esan zidan, bere seme-alabak eta inguru horretako haurrak Larraulen edo Asteasun zegoen eskolaraino eramateko oso txikiak zirela, batez ere neguan. Zer egin ume haiekin?». Txikien eskolaratzea horrenbeste ikuskatzen ez zen garaian, 7-8 urte bete arte eskolatu gabe uztea zen aukeretako bat, edota, eskolaratze goiztiarrago baten alde, auzora bertara joateko norbait aurkitzea. «Ea ni joango ote nintzen galdetu zidan. Eskolak emango zizkien norbait behar zutela, oinarrizkoa irakatsiko ziena, eta, bederen, ohitura bat har zezatela arreta jartzeko eta eskola bat zer zen jakiteko». Hasieran ezezkoa eman zion Gloriatxok: «Nire gurasoek ez zuten nahi, oso urruti zegoela eta ea nola joan behar ote nuen haraino... gaizki pasako nuela». Baina, handik egun batzuetara Larraulgo parrokoa zen On Manuel etorri zitzaion berriro ere Gloriatxori: «Sorarrain auzoko guraso batzuekin hitz egin zuela azaldu zidan, eta ume talde bati erakusteko pertsona baten beharra zutela errepikatu zidan hark ere. Jada ezetzik ez neukan esaterik. Azkenean, baietz, proba egingo nuela esan nion, eta gero ezin banuen utzi egingo nuela».

Hasieran etorritako gizon haren eta bere familiaren etxean jarri zen lehenik eskola: Joxe Azpeitia eta Urbana Iturzaetaren etxean, Sorarrainaundin. «Oso gizon kementsua zen. Horrelako gauzak aurrera eramatea gustatzen zitzaion eta ez zuen berak beldurrik dena egiteko eta prestatzeko, antolatzeko, edozeinengana joateko. Gela bat prestatuko zuela esan zuen, eta bere etxean jarriko zuela. Esan eta izan», gogoratu du maistra ohiak.

Hasi eta berehala bildu ziren 10-12 bat ume: «Guztiak adin bertsukoak ziren, txiki-txikiak. Bateren bat hiru urtekoa izango zen; hiru urtetik sei urtera-edo izango ziren, seguraski».

Goizez eta arratsaldez, haurrak; iluntzean, gazteak

Hiru bat urte izango zituen Sorarrainaundi etxekoa den Jone Azpeitiak, eta bost inguru anaia Iñakik: «Oso txikia nintzen baina orduko begiradatik etxe handia zen, izugarri handia. Berritua zegoen orduantxe, eta etxe ederra zen», gogoratu du Jonek neska txiki haren zapatetan jarrita.

«Herniora begira, eskuineko aldetik sartzen zinen etxera. Ezkerretara sukaldea zeukan; ganbelak eta ukuilua gero; eta eskuineko aldetik, pixka bat gora igota, gela handi bat zegoen prestatuta, umeentzako komunak ere jarrita», deskribatu du Iñakik eta gehitu: «Gero etxeko gelek baserriaren amaierara arte jarraitzen zuten, bukaeran egongela handi bat zegoela, Asteasuri begira. Ondo gogoratzen dut negurako butanozko berogailuak ekarri zirela». «Neguan zoragarrizko tokia zen», oroitu du Gloriatxok butanozko berogailuak aipatuta, «gela oso polita prestatu zuen Joxek, berri-berria, handia, oso argitsua, eta erdian mahai handi bat genuen: hantxe hasi ginen».



Bizikletaz eta oinez, bide luzea egiten zuen Gloriatxok Sorarrainera. AMAIA GOIKOETXEA

Sorarraingoak, Intxaustikoak, Abeletxekoak, Sorarrainzarrekoak... talde oso polita sortu zela gogoratzen du Gloriatxok. Tartean ziren Intxaustiko Pello eta Maria Jesus Iturbe neba-arrebak eta Sorarraingo Joxe Migel Usandizaga: «Olarrea Goikora joaten ginen eskolara ordurako, eta eskola etxe ondoan jarritakoan, hura utzi eta auzoan bertan hasi ginen», azaldu du Joxe Migelek. «Santa Marina ermitaren ondoan zegoen baserria zen Olarrea Goiko», zehaztu du Pellok. Haiek ere gogoan dute butanozko berogailua: «Ordurako oso aurreratua zen hori».

Ume horiek guztiak euskaraz zeuden ohituta, baina garai hartan gazteleraz egin ohi zen ikastetxe nazionaletan, eta haur haiek gerora horietan ondo moldatzeko, gazteleraz ere trebatzen ziren.

Ez zeukaten jarraitu beharreko material jakinik prestaturik, eta oso lagungarriak izaten ziren hasiera haietan marrazkiak eta abestiak: «Arbel handi bat geneukan eta han jartzen nuen marrazki bat, eta marrazki haren izenaren lehen hizkia euskaraz eta gazteleraz», azaldu du adibide gisa Gloriatxok. «Asko marrazten eta margotzen genuela gogoratzen naiz; horretan Pello oso ona zen eta hari jarraitzen nion», aitortu du Iñakik. Gabonen etorrera, udaberriarena, aitzakia hartuta abestu ere egiten zuten arbelean hitzak idatzi eta irakurriz. Ipuinak ere izugarri erabiltzen zituzten: «Antzerki moduan egiten genuen noizean behin; paperarekin mozorrotu, eta antzerkia. Horretan lotsatzen ziren batzuk, bai...». Horrela oinarrizko prestaketa hartu zuten ume haiek. Maria Jesusek ere oso gogoan du han horman kaxa batean egoten zen panpina eta hari liluratuta begiratzen zienekoa. Edota etxekoandrea zen Urbanaren amak, Juanak, egiten zuen ogia: «Bihurrikeriaren bat ere egin genion...», gehitu du Joxe Migelek.

Behatzeko eta arreta jartzeko gaitasuna nabarmentzen du Gloriatxok: «Baserritar umeak oso bizkorrak dira: ikusi, behatu eta arreta jartzen dute, behatzaile onak dira. Eta arretaz ingurura begiratuz gero, errazago ikasten da baita ere».

Goizez eta arratsaldez egiten zituzten eskolak: «Gogoratzen naiz, behin edo behin, bazkaldu eta gero barrura itzuli nahi ez eta korrika Gloriatxok atzetik harrapatu eta barrura sartu ninduela», kontatu du Iñakik Sorarrainaundiko atarian gaudela, «lizar honen azpian ibiltzen ginen jolasean...lizar honek istorio asko dakizki!».



Hezkuntzaren lurra lantzen. IBAI LUQUE

Zenbait egunetan, gazte talde bat ere izaten zuen Gloriatxok arratsaldeko azken orduan: «19:00etan edo, beste mutil gazte batzuk hartzen nituen; eskatu zidaten ea helduagoei ere eskola batzuk emango ote nizkien, eta lauzpabost etortzen ziren. Haiekin ordubete edo pare bat ordu pasatzen nituen: matematika pixka bat, geografia, hitz egin... oso formalak eta jatorrak ziren, eta ikusten ditudanean ilusio handia egiten dit». Etxean egoten zen Jone txikia ere sartzen zen: «Eskolan pasatzen omen nuen egun guztia. Etxean bertan egonda... niretzako jolas modukoa zen». Bertako taldeez gainera, beste herrietako zenbait ikasle ere joaten ziren txangoa egitera Sorarrain auzora: «Karobia dago hemen ondoan, eta, esate baterako, Zizurkildik etorri ohi ziren koskortutako gazteak orduko On Bartolome apaizarekin», gogoratzen dute Azpeitia neba-arrebek.

Sorarrainaundira joateko, Gloriatxok ez zuen nolanahiko bidea egiten: «Oraindik ezin dut sinetsi ere egin. Bidean oso kotxe gutxi ibiltzen ziren eta eskerrak horri. Gure etxetik, Zizurkildik, bizikletaz joaten nintzen Asteasuraino. Erreka bailararen amaieraraino joaten nintzen, eta hantxe bizikleta utzi; gero, oinez jarraitzen nuen beste ordu erdi batez-edo eskola eman behar nuen lekuraino. Basoan erabat. Etxerik ez zegoen bitartean, eta han bai, han beldur pixka bat pasatzen nuen. Baina, tira, inoiz ez zitzaidan ezer arrarorik gertatu. Baserritarrak ere den-denak ezagutzen nituen. Jendeak pila maite ninduela sentitzen nuen». Iturbetarrekin eta Joxe Migel Usandizagarekin izandako solasaldian ere atera da kontua: «Nik ez dakit sasoi hartako emakumea paraje horietara nola joaten zen... bazuen meritua. Zeozer ona izango genuen!», dio Joxe Migelek.

Iluntzeko eskolak eman behar zituenean, Sorarrainaundin bertan geratzen zen lotan Gloriatxo: «Jende oso goxoa zen eta beti han bizi izan banintz bezala tratatu ninduten. Gogoratzen dut gauetan ni ohera joaterako Urbanak poltsa beroa nola prestatzen zidan gauero. Normalean baserritan nahiko goiz joaten da ohera baina irakurtzen-edo aritzen nintzen eta beranduxeago lokartzen nintzen. Hango esnaera kalekotik oso ezberdina izaten zen; egun guztian txoriak kantari...». Gelaren aldamenean zegoen zuhaitzean egoten zen hontzaren uhuriak ere beldur galanta ematen ziola aitortu du andereño ohiak: «Barruan balego bezala aritzen zen! Hark ematen zidan izugarrizko beldurra. Hurrengo egunean kontatzen nienean, denak barrez lehertzen ziren». Oroitzapen onak ditu Gloriatxok: «Oso pozik egon nintzen han».

Goena eta Sorarrainera

1960ko hamarkada hasieran, ordea, erre egin zen baserria, eta, ondorioz, eskola: «Etxeak su hartu zuen eta oso momentu txarra pasa genuen. Umeak neuzkan gelan, butanoa ere bai eta beldur ginen lehertuko ote zen: bata besteari helduta atera ginen haurrak eta ni», gogoratu du Gloriatxok.

Urbana etxekoandrea eta solaskide izan ditugun etxeko haurrak, Jone eta Iñaki, ez ziren etxean: «Urte hartan nire jaunartzea zen eta neba-arrebak amarekin Donostiara joan ginen niretzako soineko bila», hasi da kontatzen Jone eta jarraitu Iñakik: «Handik itzuli eta Zizurkilen Gloriatxoren senideak genituen zain, baserria erre zela jakinarazteko».



Mahaiaren bueltan elkartu dira Joxe Migel Usandizaga eta Maria Jesus eta Pello Iturbe neba-arrebak, ezkerretik eskuinera. AMAIA GOIKOETXEA

Pello gaixorik zegoen egun horretan eta ez zen eskolara joan, baina aldameneko baserrian bizita, gogoan du eguna: «Asteasun ezkilak jo ziren. Orduan ez zegoen suhiltzailerik egun bezala; jende asko etorri zen laguntzera, baina ezin izan zen ezer egin». Erre zen etxea, erre zen ikasgela. Erre ziren sendiaren ondasunak, Joxe Migelen anaiaren jaka berria eta Maria Jesusek horren begiko zuen hormako panpina. Dena. Azken momentuan ateratako Juanaren kutxa bat baino ez zen geratu bere horretan.

Erre eta bigarren edo hirugarren egunera oraindik ere txingarra zegoela gogoratzen dute: «Goitik baserria dena erreta ikusten zen, eta oraindik kea botatzen zuen puntu bat zegoen».

Bailarako Goena baserrira joan ziren handik: «Inor bizi ez zen baserri zahar bat zen orduan. Prestatu genuen gela bat, baina urrun samar zegoen eta beldur handia ematen zidan niri han egotea». Han denbora gutxi eginda, aldameneko baserri batera pasa ziren: Sorarrainera, Joxe Migel Usandizagaren sendiaren etxera. «Han ere prestatu genuen gela, oso-oso polita, eta hantxe eman genituen eskolak».

Hango pasadizoren bat ere kontatu digu Gloriatxok: «Atsedenaldira atera ginen eta ume bat falta zitzaidala ohartu nintzen, baserri horretakoa bertakoa. Halako batean, enbor beltza baten tankerako zerbait ikusi nuen... umea zen etxe hartan zeuden erleek inguratuta. Erabat estalita, hankarik ere ez zitzaion ikusten. Hango etxekoandrea atera zen orduan, zartagina eskuan soinua ateraz, eta paper bati su ematen erleak uxatzeko». Kontu handia izaten zuten gerora erleak zeuden tokian ez ibiltzeko.

Gloriatxori Donostiako Antiguara ikastolara joateko aukera egokitu zitzaion eta erabaki zaila hartu behar izan zuen: «Pena handia eman zidan: alde batean eske eta bestean ere bai...». Sorarrain utzi eta Antiguako Jakintza ikastolan hasi zen, ikastolaren mugimenduan. Gerora, Zizurkilgo Elbarrenan abiatu zen Jesusen Bihotza ikastolaren sorreran ere aritu zen Gloriatxo.

«Baserritar haiek izugarri arduratu ziren haurren heziketaz»

«Landa bateko eskola da oso goxoa: jende guztia ezagutzen duzu, ezagutzen zaituzte... are gehiago, zure berri dakite. Konfiantza handia neukan gurasoekin eta haiek nirekin», azaldu du Gloriatxok. Alkizako garai hartako maistrarekin harreman handia nuen eta hark Larraulgoarekin: «Orduan, oso babestua sentitzen nintzen. Hara ez zen ikuskatzailerik joaten: gainera, garai hartan, nahi zuenak lau urterekin hasten zituen haurrak eskolan eta nahi zuenak zortzirekin».



Eskola etxean zuten Jone eta Iñaki Azpeitia neba-arrebek. AMAIA GOIKOETXEA

«Nik ikasi nuena Gloriatxorekin ikasi nuen. Gero Asteasura joan ginenean, maistra adinekoa genuen eta nahi genuen guztia egiten genuen harekin», azaldu du Maria Jesusek eta jarraitu, «gogo handia jartzen zuen. Gabonetan ere kantari atera ginenean berak prestatu zuen dena: mantalak, zapiak, Olentzero...». Joxe Migelek ere bat egiten du hurrengo eskolara nahiko maila onarekin joan zirela esaterakoan.

Jonek eta Iñakik oso positibotzat jotzen dute eskola bertatik bertara izan eta horren adin txikitik hasi izana: «Orduan ez zitzaion eskolari horrenbesteko garrantzirik ematen, eta gurasoak elkartu eta bailarako ume horiei guztiei eskola egokitzea... gure aurrekoek zenbateko inplikazio eta borondate izan zuten konturatzen zara. Gurasoei izugarri eskertzekoa da hori», bat egin dute biek.

Gloriatxok ere guraso haien ardura eta aurreikuspena nabarmendu nahi izan ditu: «Baserritar haiek izugarri arduratu ziren haurren heziketaz, gero, eskola ofizialera joan behar zuten garairako ez ziren joan ezer ez zekitela, baizik eta besteekin sarean sartzeko moduan joan ziren. Horrek asko-asko pozten ninduen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!