Jaietako gida eta behatokiaren diseinua jorratzeko tailerrak Berdintasun sailaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia

Jaiak aztertzeko behatoki baten diseinuaren lanketa bultzatzen ari da Tolosako Udaleko Berdintasun Saila, Tolosan jaietan eta elkarte gastronomikoetan berdintasuna sustatzeko prozesuaren jarraipena proiektuaren baitan, Farapi Elkartearen laguntzarekin.

Lan horren ondorioz, 2016an Jaiak berdinzaleagoak egiteko gida kaleratu da, eta nola erabiltzen ikasteko tailer bat burutu zen. 

2017an elkarlan horrekin jarraitu nahi dugu eta prestakuntza eskainiko diegu Tolosako hainbat jairen antolaketan esku hartzen duten (Inauteriak, Sanjoanak, auzoetako jaiak, azoka bereziak) elkarteei eta taldeei. 

Hori dela eta, bi saiotan parte hartzeko gonbita luzatu du Berdintasun sailak; bertan, lehen aipatutako gida eta jai behatokiaren diseinua jorratuko da. Hauek dira bi hitzorduak: urtarrilaren 17an eta 24an, astearteak, 18:00etan, Kultur Etxeko Areto Nagusian. 

Urtarrilaren 16a baino lehen partaidetza konfirmatzea eskertuko lukete antolatzaileek; horretarako, Berdintasun Sailera –943-67-03-83– deitu edota berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatz daiteke.

Tolosa berdinzalea

Tolosako jaiak berdinzaleagoak egiteko ahaleginak 2010ean hasi ziren udalean. Data horretatik hona hainbat bide landu dira eragile ugarirekin elkarlanean, eta hemendik eskertzen diegu beren lankidetza.

Horrela, jai giro berdinzaleagoak sortzeko ahaleginean, Tolosa erreferente garrantzitsua bihurtzen ari da beste herri eta hirietan ekimenak bultzatzeko. 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!