Gutuna: Herria hobetzea delitua da?

Erabiltzailearen aurpegia

Dagoeneko 2016ean sartu gara, Donostia Europako kultur kapital gisa kokatzen den honetan, a ze paradoxa. Garai berriak bizi ditugu, baina garai nahasiak ere direla ezin dugu uka.

Gizarte demokratiko eta aurrerakoi batean bizi garela diote batzuek, beste batzuek ordea parekidetasuna arlo askoetan ez dela orekatua diote; batzuek Euskal Herria kulturalki aberatsa dela, beste batzuek aldiz kultur eredu batzuek soilik dutela tokia pentsatzen dute; batzuek lanpostu bat dute eta etxera iristean ez zaie janaria falta platerean, beste askok ordea negu gordinean zubi azpian lo egitea baino aukera hobeagorik ez dute; batzuek etxe hutsak bota eta etxebizitza gehiago egitearen aldekoak dira, GU etxebizitza hutsak auzolanean berreraiki eta herriaren beharrak asetzeko tresna gisa erabiltzearen aldekoak gara!

Nahiz eta garai berriak izan gaur atzo bezala desadostasunak egongo dira kalean, norbera bere iritziarekin joango da tabernara lagunekin eztabaidatzera. Tolosako Gazte Asanblada osatzen dugunontzat oso garrantzitsua da eztabaidaren kontzeptua eta praktika: EZtaBAIda.

Zer gertatuko litzateke guztiok arlo ezberdinen inguruan iritzi berdina edukiko bagenu? Eta aldiz, zer gertatzen da iritzi propioak ditugunean baina gure kuadrillakoekin bakarrik edo inorekin trukatu ezin ditugunean? Zer gertatzen da elkar ezagutzen ez garenean? Eta arratsaldeak lokaletan pasatzea baino alternatiba hoberik ez dugunean gazteok? Erantzuna oso erreza da, akritiko bilakatzen gara, iniziatiba itzaltzen zaigu, dugunarekin konformatzen hasten gara eta gure bizi baldintza prekario eta ilunak normaltzat artzen ditugu.

Ez gaude konforme bizi dugun errealitatearekin eta gazteon artean egoera aztertu eta eraldatu nahi dugu. Gure burua ahaldundu, kritikotasuna sustatu, gazteok gazteontzako sorturiko bizi eredu bat praktikan jarri… Idatzi honetan ez zaizkit sartuko gure proiektuak dituen helburu eta zantzu guztiak…

Baina bukatzeko galdera bat utzi nahiko nuke airean: Delitua al da gazteon egoera hobetu nahi izatea? Delitua al da herria hobetu nahi izatea? Eta horretara bidean etxe hutsetan sartu eta auzolana ardatz, etxea berritu eta bizia ematea delitua al da?

Gure ustetan EZ! Baina gaur egungo sistema kapitalistaren logikatik kanpo kokatzen garen proiektu zein kolektiboren aurkako zapalkuntza eta errepresioak ez du etenik!

Otsailaren 16ean Tolosako Gazte Asanbladako 3 kide epaitegitik pasako dira deklaratzera, honela, ondorio larriak eduki ditzakeen prozesu judizial bati hasiera emango zaiolarik.

GURE AMETSAK EZIN DIRA DESALOJATU!

EZPALA AURRERA!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!