Erakutsiz ikasi

Txerri boda Orexan

Erabiltzailearen aurpegia

Aurten DBH 1eko ikasleok Welcome to Tolosaldea izeneko proiektuaren barruan, web orri bat osatu dugu. Proiektua garatzeko, hainbat arlotan aldi berean aritu gara lanean: ingelesean, biologian eta geologian, gazteleran, geografian eta historian, eta euskaran.

Proiektuaren helburu nagusia gure bailarara etor daitekeen edonori Tolosaldeko informazio interesgarria eskaintzea izan denez, euskararen arloan Tolosaldeko ohitura eta jaiei buruz aritu gara, eta, landutako gaien artean, besteak beste, Orexako txerri bodei buruzko testua osatu dugu. Jarduera hauek guztiak talde kooperatiboetan egin ditugu, hau da, talde txikietan banatuta, informazioa bildu, testua osatu eta irudiz hornitu dugu. Zuzenketak ere elkarlanean egin ditugu, gutako bakoitzari zegozkigun ardurak hartuz.

Garai batean, Euskal Herriko herri txikietan janaria eskas izaten zen eta, horregatik, baserrietan txerria eta beste hainbat abere hiltzen zituzten. Abereak urte sasoi desberdinetan hiltzen ziren: ardiak, udazkenean; arkumeak eta antxumeak, udaberri hasieran; hegaztiak eta untxiak behar ziren garaian. Txerria, normalean, San Martin edota Santo Tomas egunen inguruan hiltzen zuten.

Urtetan, Txerri-boda Euskal Herriko baserrietan egiten zen ospakizuna izan bazen ere, gaur egun oraindik mantentzen den tradizioa da, hasierako zentzua galdu duen arren. Baserriko familiak hartzen du lan hauen ardura, baina ingurukoek ere laguntzen dute, eta guztien artean antolatzen dute behar den lekua eta materiala: mahaia, txerria etzateko; gakoa, lepotik sartzeko; labana, odola ateratzeko; baldea, odola jasotzeko; sua, txerriari ileak erretzeko; lastoa, tapatzeko; haga, zintzilik jartzeko; mangera, txerria garbitzeko; inbutua, odolkiak egiteko; eltzea, hauek egosteko, eta mahai-zapia, odolkiak egindakoan gainean jartzeko.

Orexan, ohitura zaharra jarraituz, txerria hil aurretik kafea anisarekin edaten dute goizean. Gero, txerriari lepotik gako handi bat sartzen zaio eta arrastaka eramaten dute. Ondoren, txerria hiltzeko mahaiaren gainera igotzen dute, eta lau-bost lagunen artean eusten diote. Orduan, txerri hiltzaileak lepotik labana sartzen dio, eta odola ontzi batean jasotzen da. Bitartean, etxekoandreak odol hori nahasten du, bestela gogortu egiten da-eta.

Txerria odolustu eta gero, garoarekin estali eta su ematen diote, azala erretzeko. Hori egin ostean, marmitaren estalkiarekin eta teilekin azala kentzen zaio. Hurrengo pausoa tripak atera eta txerria haga baten gainean jartzea da, bizkarrean gurutze bat eginez. Helduak horretan ari diren bitartean, gaztetxoek maskuria bete eta lehortzen jartzen dute. Gero, haragia aztertzera eramaten da. Horren emaitza jaso bitartean, gibela jartzen dute bazkaltzeko eta, ondoren, haragia ere bazkaltzeko prestatzen dute.

Arratsaldean, emakumeek odolkiak egiten dituzte, eta elkarlanean haragia xehatzen dute. Horren ostean, askaldu egiten dute. Ohiturak agintzen duen bezala, askaltzeko txokolate beroa, irasagarra, arrautza gogortua eta laranjak jaten dituzte. Amaitutakoan, haragi xehatuari baratxuriak nahasten zaizkio, eta egun pare batez uzten dute horrela. Lanak bukatutakoan, afaria egiten dute.

Hurrengo egunean, haragi puskak gazikutxetan sartzen dituzte. Odolkiak txerri bodan lagundu dutenen artean banatzen dituzte, eta txerri hiltzaileari solomo txiki bat ematen diote. Ohikoa da, edo izan da, auzotarren artean ere txerri puskak banatzea. Hortik dator Odolkiak ordainetan esaera.

Txerria hil eta hiru egunera, txorizoak egiten dituzte, eta lan horrekin amaitzen da ekitaldia.

Oier Iturrioz, Salma Kemmoun, Aimar Leunda, Lorena Riego (Orixe DBH 1B)

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!