Urte bat osatzeko doinua

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2022ko urt. 9a, 20:58

Bi mila eta hogeita bi urtea; hogei hogeita bi urtea. Ez da berdina. Niri belarrira ez dit berdin ematen. Ez dit erantzun berdina eragiten. Lehenengo kasuan, hitza modu bakar eta luzean jasotzen den bezala, bigarren moduan, erritmo arin eta indartsua finkatzen duen hitzetan banatuta dago; aurrera jarraitzeko gogo eta grina sortarazten duen ahoskatzeko beste modu baten irudikatzen dut hitza nire baitan. Tapa, tapa. Egia da, hala ere, batean zein bestean, denbora epe berdinaz ari garela. Zergatik irteten zait nahigabean hasi berri dugun urtea honela banaturik? Agidanez, urte honek garapen sendo eta indartsua izango duela pentsatu nahi dut. Eta energia baikorrez beteriko pentsamendu horrek nire jarreran eta munduari aurre egiteko moduetan itzulpen zuzena izango duela sinisturik nago akaso. Hala bedi!

Erritmoa doinu eta isilune ezberdinen jarraipen gisa definitu daiteke. Bataren eta bestearen tartea, batzuetan modu erregularrean bestetan ez. Batzuetan mantsoagoa bestetan azkarragoa. Norberaren aldarteak musikaren sormenean zerikusirik baduela esaten dute askok eta nire barruko musika honela dator aurtengoan.

Musikak pertsonengan eragin eta ondorio handia duela ere jakina da; gogo-aldarte ezberdina sortarazten du lo kanta batek edo dantza sueltoko pieza batek, esaterako.

Musikaz ari garelarik, urteko pieza sortzeko nota jartzeko garaia dela esango genuke. Egia esan, nik gehiago sinesten dut aurretik zetorren hori moldatzeko aukeretan.

Urtarrileko lehen egun hauetan ohikoa izaten da, «orri zuria betetzeko momentua» dela entzutea. Erronka berriak, beti egiteko eta beti egiteke geratuko diren horiek. Musikaz ari garelarik, urteko pieza sortzeko nota jartzeko garaia dela esango genuke. Egia esan, nik gehiago sinesten dut aurretik zetorren hori moldatzeko aukeretan. Ez dut uste berri berririk, emakumeok zein gizonek ezer asmatuko dugunik; aukera gehiago dago esperientziak gidatuta aritzeko, hutsetik hastea baino. «Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu» eta gure etorkizuna ere bide bertsutik jarraituko dugu eraikitzen.

Hogei hogei urtea geldiune garaia izan zen eta era berean inflexio puntua ere bai; iazkoa etsipenarekin lotzen dut, nola edo hala aurrera egin behar batean. Hogei hogeita biak beste zerbait izan behar du. Ikusitakoak ikusita, ikasitakotik ere izango denaren itxaropenarekin egin diot agur urte zaharrari eta diosala berriari. Sendo, gogotsu. Urte berri zoriontsu on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!