Maskaradun emojia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2020ko aza. 1a, 19:58

Gizarte osoan bizi dugun egoera ulertu nahia oso urruneko geratzen zait eta 'mikro' mailara bideratu ditut nire indarrak. Harreman pertsonalen eremura. Zu eta bion tartera. Nire egunerokotasuna hobeto kontrolatu dezakedalakoan, lokalean ekin eta globalean pentsatu eragin filosofiari jarraituz. Azken batean, gizartea gu guztiok osatzen dugu eta. 

Nire gertukoekin ditudan harremanak, beraien bizipen eta esperientzien ezagutzak ematen didate, neurri batean behintzat, 'egungo egoera'-ren adierazleak dira. Eremu horretatik aurrera, komunikabide eta bestelako informazio iturritik ezagutzen ditut.

Dimentsio ezberdinak ditu komunikazioak. Ahoz adierazitakoa gauza bat da, baina ahozkoa ez den osagaia ere badago, informazio gehien transmititzen duena. Koherentzia bat ikus daiteke edo ez esaten eta sentitzen denaren artean. Kontua da, orain, ahoz transmititzen den gehientsuena 17x9.5 zentimetroko azalera baten atzetik gertatzen dela. Tira! Hori da gutxi gorabehera, maskara kirurgiko baten neurria. Esaten dena eta hori esateko erabiltzen den tonua distortsionatzen duen dispositibo honek, gainera, aurpegiaren espresioa ia erabat desagerrarazten du.

Ondorioz, harremanen inguruan nuen ikuspegia aldatu egin zait. Maskararen atzean dagoen edo egon daitekeen espresioa igarri nahian pasatzen dut solasaldia, bekainak igotzen diren, zimurrak nonbait ikusten ditudan, informazio osoa jasotzen ari ote naizen neure buruari galdezka; koherentziarik ote dagoen, alegia.

Maskara duen burutxo horiak zer esan nahi ote digun  norbaitek ba al daki? Izan ere, bekainik ere ez du. Ez gora, ez behera. Ahoa ezkutatuta dauka.

Maskara erabiltzea deseroso, amorragarri, itogarri eta abar ezkor bat dela badakigu, baina gainera, komunikazioan harresi ere bihurtu da, niretzat bederen. Pentsatzen hasia nago, leku guztietan ez bezala, hemen beti derrigorrezkoa den 'gauza' hori estrategia bat ez ote den mantendu beharreko distantzia sozial hori errazago lortzeko. Izan ere, hizketarako gogo handirik ez baitu ematen askotan bi aldiz gauza bera esan beharrak edota komunikazioaren freskurarik gabe aritu beharrak.

Eta ariketatxo bat egin dut Whatsapp-a nagusi den eta gure emozio asko aurpegitxo horien bidez helarazten ditugun honetan. Maskara duen burutxo horiak zer esan nahi ote digun norbaitek ba al daki? Izan ere, bekainik ere ez du. Ez gora, ez behera. Ahoa ezkutatuta dauka. Ezin du hitzik egin, ez du sentimendurik transmititzen. Hori bai, zalapartarik ere ez du sortzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!