Baimena

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2020ko mai. 30a, 19:30

Pentsatzen aritu naiz konfinamendutik deskonfinamendu bitarte honetan, zenbat alditan eskatu ote dudan baimena (baimena ote dudan begiratu bederen, fasez fase) eta zenbatetan eskatu ote didaten baimena. Eskolako garaietan bezala andereñoari galdezka.

Pentsa ezazu, zerorrek, zenbatetan itaundu ote diozun zeuri buruari edo hurkoari, egin zenezakeen hura balekoa ote zen.

Grazia egin izan dit egoerak hainbatetan. Ez naiz epaile legeak eta arauak interpretatzeko, baina egokitu izan zait ziurtagiri eta honelakoak egitea.

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula kontua, gero! Baimenik gabe ateraz gero, isunarekin etxera zaitezke.

Baina batez ere, baimenak ziurtasuna ematen du edo eman dezake. Baiezkoa duenak, pasea dauka. Egunotako kontua ordea, zalantza izan da eta izaten ari da.

Ziurgabetasuna nonahi birusaren inguruan eta birusaren ondorioz antolatu behar izan diren dispositibo, arreta berezi eta azkenik fase ezberdinen inguruan. Lan zaila inondik inora, hamaika salbuespen eta kasuistika agertzen baita talderako erabaki bat hartzen denean. Aspaldian esana da, «zenbat buru hainbat aburu», eta hori berdin aplika diezaiokegu «zenbat pertsona, hainbat bizipen-testuinguru» errealitate askotarikoari.

Jakina da nolabaiteko marko definitu batean mugitu beharra dagoela, nola ez. Hala ere, marko horren zergatia edo iparrorratzaren zentzua ahaztu gabe aritzea ere gauza inportantea da; pasa izan baitzait kontraesankorrak diren arauetan trabatuta geratzea.

Izan ere, plano ezberdinetan bizi gara. Psikologikoki ziurtasunak, ehuneko ehunak behar dituzten pertsonak daude. Karratuaren barruan, ziur daude.

[...] baimenak baimen, lehen planoan  zentzuMENa erabiltzen duten  hiritarrengan dut  etorkizunerako itxaropena

Beste alde batetik, erabakiari zentzua hartu nahi diotenak. Horiek malguago jokatzeko tentazioa izan dezakete, helburuarekin bat egin arren.

Baina orokorrean baimena eman diguten horretan aritu gara eta aritzen gara fin samar. Orokorreko zentzua hartzen baitiogu kontuari, agian ertz guztiak gustuko ez ditugun arren.

«Men» egite honetan ordea, arrisku batzuk ikusten ditut; alde batetik, eroMENa sortzen ari da baimen dantza hau, faseen arabera, aldatuz doana. Bestetik, beldur ote naiz norberaren ahalMENa ez ote den gero eta estuago bihurtzen ari.

Nik, gizarte arduratsu bat osatzen dugula sinesten dudanez, baimenak baimen, lehen planoan zentzuMENa erabiltzen duten hiritarrengan dut etorkizunerako itxaropena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!