Koronabirusa

Gaur, bihar, etzi… egunez egun

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2020ko api. 6a, 05:58

Nire etxeko hormetan margoak jartzekotan nago. Margo Mugikorrak. Gaur Donostiako Kontxako baranda marraztuko dut. Bihar, Uzturreko gurutzea, etzi… auskalo! 

Tira! Ziur naiz, egungo teknologiarekin azkar batean eta modu askoz errealistagoan paisaia alda daitekeela. Baina, denbora ere ondo bete behar eta seme-alabak tarteko, ez zait ideia txarra denik otu. Udaberria heldu berritan, planak egiteko garaia ere bada, eta...

Zenbat aldiz entzun ote dugu egunerokoaz gozatu behar dugula? Entzun maiz, bai baina aditu, aditu, ez hainbestetan.

Bat-batekotasunezko gertaerek ordea, norbera hiru espaziotan kokatzen laguntzeko primerako indarra dute. Hiru espazioak pertsona, denbora, lekua egoki mantentzeak zera suposatzen du: nor naiz, non nago, noiz nago... Ikuspuntu errealista bat, fantasia gehiegirik gabe.

Alferrik dugu egunotan Aste Santuan hemen edo han egongo nintzela pentsatzeak eta energia guztiak etorkizuneko pentsamenduetan jartzeak. Aste Santuan, ni, hemen izango bainaiz. Supituki, gaurko eguna parez pare jarri zait. Egunero planteatu behar dut bizitza. Gaur bere hogeita lau orduekin, bihar pareko... Eta segi aurrera!

Zorioneko sorpresaz ikusi dut, gainera, nire ingurukoek ere kokapen hori mantentzen lortu dutela. Oraingoz. Ez da gutxi!

Hau da, berriro ere buruaren, psikearen indarraz jabetu naiz. Eta buruko osasuna bere onenean eustean datza aurretik datozkigun egun hauek oreka normal batean mantentzeko sekretuak.

Bat-batekotasunezko gertaerek ordea, norbera hiru espaziotan kokatzen laguntzeko primerako indarra dute

Horrek, ordea, askotan, iruzurtxo imajinarioak egitea ere eskatzen du. Kontrol batekin errealitate desiragarri bat imajinatzeak ere laguntzen duelako. Lagun bati eskatu nion bere jardineko txokoren batetik argazkiak bidal ziezazkidala. Halaxe egin zuen eta… nork ez luke esango mediterraneo inguruan oporretan ez zegoenik, Tolosan egon ordez?

Horiek horrela, buruak bere bidea egiten duenez, etengabe datozkit, Aupa Etxebeste-ko imajinak. Pasiloan gora eta behera. Gu, hobeto gaude! Bizilagunez ezkutatu baino, haiekin nola edo hala harremantzeko moduak egin behar ditugu, elkarrizketa birtualak mantendu edota distantzia bat mantenduz, pertsonalak. Ez dago konparatzerik!

Beraz, ez gara kexatuko. Eutsi, lagunok. Laster gara berriz kale bazterretan, «Iepa» eta «Iepa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!