Kale Kantoitik

Haragia

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko urr. 24a, 14:15

Goseteak eta desnutrizioa obesitate tasa altuen bizikide diren aro honetan, munduko ipar-mendebaldean dieta iraultzaileak puri-purian daude. Beganoa, makrobiotikoa, disoziatua... elikaduraren itun zaharra bilakatu da dagoeneko dieta mediterraneoa. Geure kredoa dena dela, bada datu objektibo bat: proteinak beharrezkoak ditugu.

Dieta osasuntsu batean, kalorien %35aren jatorriak proteikoa izan beharko luke. Gorputzeko ehunak osatu edota konpontzeko beharrezkoak ditugun aminoazidoez hornitzen baikaituzte. Baita intsulina bezalako hormona batzuen sorkuntzan parte hartu ere. Pertsona bakar batek 76 gramo hartu beharko lituzke eguneko, munduko populazioak gomendio hau beteko balu 202.000 milioi proteina inguru kontsumituko lirateke urteko. Handituz doan giza-populazioari erreparatuz gero, behar hauek aseezinak izango dira berehala. Sostengaezinak. Zergatik? Ba askoren proteina iturri nagusia haragia delako.

Jakina da haragiaren ekoizpenak ingurumenean eragin handia duela, ur eta argindar asko erabiltzen delako jarduera honetan. Behi haragiaren produkziorako karbono aztarna izugarria da, adibidez, eta metano isuriak ere sortzen dira. Gas hauek negutegi efektuaren eragileen %15a osatzen dutela esaten da. Hauek datu kezkagarriak dira eta munduan populazioa ez ezik, haragiaren kontsumoa gora doala ikusita... tira. Gaur egun munduko nekazaritzaren baliabideetatik %70 erabiltzen ditu haragia ekoizteak. Oihanen txikizioaren arrazoi nagusietako bat da behiak elikatzeko behar diren hazien produkziorako eraldatzen direla eremu hauek. Planeta osoko gainazalaren %50a hartzen du industria honek dagoeneko! Eta honi guztiari, animalien sufrimendu eta heriotza eragin beharra gehitu behar zaio.

Beraz, zein da konponbidea? Nola ase geure beharrak ingurua suntsitu gabe? Haragia kontsumitu dezakegu animaliarik akabatu gabe? Bada, ez nuke gaitz hauen guztien panazea gisa aurkeztu nahi... baina aurreikusten den baliabideen eskasiaren aitzinean, enpresa batzuk haragi sintetikoa sortzen hasi dira. “Haragi garbia” deritzona.

Badira urte batzuk kontzeptu hau garatzen hari dela, baina orain Euskadin dugu ate joka: Biotech Foods izeneko Donostiako enpresa batek, zelula jakin batzuk baldintza optimoetan hazi eta ugaldu araztean haragi artifiziala sortzea lortu du. Euren sistemaren funtsa medikuntza birsortzailea da, ehun lagin txiki bat hartuta (gihar, gantz, odol, ur, kartilagoz... osatua) organismo biziak lortzen dituztelarik. Prozesua naturala da, produktu kimiko eta manipulazio genetikorik gabe ematen dena: elikagaiak, 37ºko tenperatura eta airearen laguntzaz bakarrik. Bioerreaktoreen bidez maila industrialean ekoiztu eta 2021 urtean merkaturatzeko asmoa du abangoardiako enpresa honek.

Prozesu hauen bitartez lortzen den haragi orea maneatuz; hanburgesak, haragi-bolak, saltxitxak eta abar sortzen dira. Ehun lagin bakar batengandik 200 txerrien haragia kontsumituz lortuko genukeen produktu berbera eskuratzen delarik. Hona “haragi etikoa” beraz, “haragi kultibatua” edo “garbia”. Haragi produkziorako behar dugun lur-azalera %99ean, ur kontsumoa %90ean eta gasen igorpena %90ean murriztuko duena, antza. Eta animalien ongizate eta eskubideak bermatu, idealki.

Azalpen guzti hauen atzean mesfidantza kutsu bat sumatuko zenuten ziur. Baina ez Biotech Foodsenganakoa, ezta haragi artifizialarenganakoa ere. Ez naiz geure gizarteaz fio. Geure sistemaren funtzionamenduak asko aldatu beharko luke eta, berrikuntza honen erabilera modu zuzenean zabaltzeko. Haragi artifizialak edo sintetikoak etorkizunean garrantzi izugarria izango du agian. Agian, naturari egin diogun kaltea erreparatzen hasteko bidea zabalduko digu. Laborategietan sartu eta bertan ekoizteak, naturatik urrutiratuz naturarengana gerturatu gaitzake berriro. Agian. Edo agian ez. Baina oraintxe bertan dugun produkzio eredu ustiatzaileaz beste egon daitezkeen alternatibak gogoan hartzeko modukoak dira, dudarik gabe. Honekin diotsuedana beraz zera da: itun berri honen apostolu ez naizen arren, fededun apala izaten saiatuko naizela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!