ataria.eus

Qanat

Erabiltzailearen aurpegia Iritzia

Qanat, ura eramateko ezagutzen den azpiegitura hidrauliko efizienteena eta jasan garriena da. Era bat eskuz egindako azpiegitura honen jatorria persiarra da, Persia inperio oparoaren garaikoa (k.a. V. m). 

Lurraldearen berezko baldintzapen latzagatik laua dena basamortua eta bestea menditsua, persiarrak beroa ekiditeko eta uraren arazoa konpontzeko baliabide apartak sortu behar izan zituzten: haize errotak, aireztatze dorreak, ur zisternak, izotz olak eta qanatak.

Qanataren funtzionamendua sinplea eta logikoa da. Mendialdeko lurrazpiko iturburuak aurkitu ondoren, putzu bertikal bat eraikitzen zuten ura topatu arte. Hortik galeria bat eraikitzen zuten, lanean ari zenaren garaierako, eta ia nabari ez den beheranzko maldarekin, ura grabitateari esker eramanez. Galeria hau eraikitzeko, lurra kanpora atera, eta mantentzeko konpondu eta garbitu, 50 metroro, putzu bertikalak eraikitzen zituzten. Iranen aurkitu den putzurik sakonenak 300 metro ditu.

Qanat hauen luzera 70 kilometrotakoa izan zitekeen adarrak kontuan izan gabe, eta bukaeran, galeria lur azalera gerturatzean, hiriak kokatzen ziren. Orube garestienak qanataren gainean kokatuak zeudenak ziren, zuzenean putzu bidez ura hartzeko aukera zutelako. Garai hartan, qanat hauen eraikuntzak lurraldea antolatzeko gaitasuna zuten, ura eskura izatea baitzen hirien kokapenen hautaketaren arrazoia.

Gaur egun, Iranen, qanat hauei esker dute ura herri askotan, eta guztira 250.000 kilometroko luzera duen qanat sare hauen putzuek, paisaian mugagabeak diruditen lerroak marrazten dituzte.

Gertuago, Noaingo ubidea (1779-1790) dugu, Subizatik Iruñera ura eramateko azpiegituraren zati bat. Zati hori da ezagunena, ikus daitekeelako, baina ura, Noainera iritsi baino lehenago, eta ondoren ere, qanat horietako batetik igarotzen da. Qanataren putzuak 2 metroko diametroa duten harriz estaliak daude. Putzu sakonena Takonera mendian dago, eta 38 metro ditu.

Nafarroako paisaian ere, Iranekoan iradokitzen den uraren bidea irakur daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa