Haritza

Erabiltzailearen aurpegia

Duela gutxi argitaratu da, orain arte Gipuzkoako lehen baserria bezala ezaguna izan den eraikin-tipoak baduela aurrekari bat. Hipotesi hau Arkeolan Fundazioko J. Susperregi dendrokronologoak eta EHUko irakaslea den I. Telleria arkitektoak plazaratu dute.

Dendrokronologiak (dendros=zuhaitza; kronos=denbora, grekotik) zuhaitzen urteroko hazkunde-eraztunak datatzen dituen zientzia. Gertu bizi diren zuhaitzen eraztunen arteko antzekotasuna eta sinkronia da funtsa. Honela, Euskal Herriko toki ezberdinetan eta egoera anitzetan (eraikin, baso, zubi…) hartutako haritz-laginei esker, haritzaren kurba kronologikoa osatu dute.

1500 ondoren, batez ere Gipuzkoan hedatu zen baserria dolare erraldoi bat zen; baserriari neurria ematen zion, erabat egurrez egina zegoen eta harrizko horma batez inguratua. Lau habeartez osatua; dimentsioak 20x15 metro. Europan zehar horrelako dolare-egitura aztarnak ezagunak dira, baino gure baserriak duen ezaugarri bitxi batek besteetatik bereizten du: dolarea baserriaren egituraren barruan kokatzen da, egiturarekin bat dator.

Susperregi eta Telleriak defendatzen duten hipotesiaren arabera, baserriak eraikitzerakoan, zuhaitza moztu, egurrari forma eman, eta jarraian erabiltzen zuten, lehortzen utzi gabe. Honela, Gipuzkoako bi baserrietatik lortutako azken haritz-laginen arabera, 1450 urte inguruan eraikiak izan zirela datatu ahal izan dute. Baserri mota honen ezaugarriak dira harridura sortu dutenak: antza, dolare-egitura inguratzen zuen harrizko horma sortu aurretik, egurrez eginiko goitik beherainoko beste itxitura bat erabiltzen zen. Tamainaz oraindik erraldoiagoa litzake aurrekari hura: 25x20 metro. Garaierari dagokionez, gailurreraino 10 metro. Eraikuntza sistemari dagokionez, ezinbestez lurrean eraiki eta gero habearte bakoitza igo zutitu egingo ote zuten susmoa dute ikertzaileek.

Beraz, harrizko baserriaren aurrekaria, erabat haritz-egurrez eraikitako baserri erraldoi bat omen da. Gure paisaia, historia eta nortasuna bateratzen dituen harribitxia: baserria.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!