Auzo modernoa

Erabiltzailearen aurpegia

1898-1903 urteetan, Prusiako gobernuak Hermann Muthesius arte aditua Ingalaterrara bidali zuen, hango artearen eta arkitekturaren arrakasta ikertzeko enkarguarekin. Ikerketak, bertan sortu zen Arts&Crafts mugimendua du oinarri.

Honek, makinaren erabilera baztertu zuen, eta eskulangintza berreskuratzea zuen helburu, makinak artisauaren sormena inolaz ere ezin zuela ordezkatu argudiatuz. Progresuak, artearen degradazioa eragin zuela zioten, John Ruskinen ideiekin bat eginez.

Industrializazioaren etorkizunaz ziur, Muthesius jaunak, (eta beste hainbat eragilek: arkitekto, artista, artisau, enpresa buru, fabrikatzaile…) Prusiako gobernuak babestuta, 1907an Deutscher Werkbund taldea sortu zuen. Helburua: artea (giza sormena) eta makina (industria produkzioa) uztartzea. Industri diseinuaren eta arkitektura modernoaren sorrera zen.

Artea eta makina uztartzeak, estetika lengoaiaren inguruko eztabaida sutsuak sortarazi zituen, eta apaingarrien beharra zalantzan jarri zen. Makinaren produkzioa efizienteagoa bihurtu zen, objektua bera sinpleagoa eta arrazionalagoa zen neurrian, eta hortaz, forma zurrunagoak eta geometrikoagoak landu ziren, garaiko Viktoriar estiloari aurre eginez.

Gizartea konbentzitu nahian, 1927an Deutscher Werkbund taldeak Stuttgarten dagoen Weinssenhof auzo modernoa eraiki zuen. Guztira 17 arkitektok parte hartu zuten, Mies van der Roheren gidaritzapean; 21 astetan 21 eraikin gauzatu zituzten 63 etxebizitza. Bizimodu berri bat aldarrikatzen zuen arkitektura ikusgai: arkitektura modernoa. Forma sinpleak, funtzionalak eta erabilgarriak, estetika industriala. Eraikitze sistema berriak: aurre-fabrikazioa, estandarizazioa eta azkartasuna. Material berrien erabilera: hormigoi armatua, altzairua eta beira. Gizarte aurrerakoi berri baten manifestua zen.

Garaian kritika ugari jaso zituen, oso polemikoa izan zen, eta gizarte barneko pentsamolde zatiketa agerian utzi zuen. Hala ere, 1927ko uztaila eta urria bitartean, 500.000 bisitari izan zituen eta gaur ezagutzen ditugun auzo askoren eredu bilakatu zen.

Gerturago, Weinssenhof auzoak, politikan, badu izena: Catalunya.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!