Gizarte antolaketa abstraktuagoa

Erabiltzailearen aurpegia

Mila laurehun eta hogeita bostean, Pizkunde garaian, Brunneleschi arkitektoak iradoki zuen, lehen aldiz, giza begiak parez pare ikusten zuen errealitatea, zehatz-mehatz marraztu zitekeela. Alberti arkitektoa izan zen, 1436an, Brunneleschiren susmoa arau bilakatu zuena, eta, zientifikoki, errealitatea bi dimentsioko oihal batean marrazteko aukera zoragarria igorri zuena: perspektiba.

Perspektibak, espazioaren eta haren baitan aurkitzen diren objektuen arteko proportziozko erlazioa ahalbidetzen du, ikuslearekiko elementu ezberdinen arteko distantziak eta tamainak bereiziz.

Susmo hura erdi aroan ere izango zuten, baina Pizkundea iritsi bitartean, errealitatea imitatu besterik ez zuten egin. Garaiko margoetan ikus daiteke gertutasuna, tamaina eta garrantzia bat datozela. Urruti dagoena txikia da, eta txikitasunak eta urruti egoteak garrantzia murrizten du.

Ia 500 urte beranduago, abangoardiak sustatu zituzten artista batzuk, perspektiba baztertzea erabaki zuten: errealitatea ez zuten gustuko. Perspektiba eza, garaiko errealitate zurrunari, gizarte antolaketa zorrotzari eta pentsamolde atzerakoiari aurre egiteko tresna bilakatu zuten. Perspektiba baztertzean, tamaina eta distantzi kontzeptuak huts egin zuten. Koadroaren fondoa irudiekin nahastu zen, pixkanaka irudiak ere desagertu arte. Pintura abstraktuaren sorrera izan zen: 1907ko Picasso-ren Avignoneko andereak. Ordena baino kaosa. Zorroztasuna baino malgutasuna. Adierazpen librea. Garairako, ia anarkia.

Gaur, oraindik, modernotasuna jorratu zuten artista haien ausardiak liluratzen nau, eta muturreko egoeratan gizakiak berezkoa duen erantzuteko gaitasun apartan sinestera bultzatzen nau. Egungo errealitateak ez dituelako nire nahiak asetzen, itxaropenez espero dut, gaurko gizartea antolatzen eta maneiatzen dituen indarrak baztertu, eta beste gizarte antolaketa abstraktuago bat lortuko dugun garaia.

Zeren, handia eta garrantzitsua marrazten saiatzen badira ere, nik badakit D. Trumpen benetako tamaina Click-mobil batena baino txikiagoa dela, eta ez urruti dagoelako!!!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!