ELKARRIZKETA

«Pentsio-sistema publikoaren historia langile klasearen historiaren zati garrantzitsua da»

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Eizagirre Egiguren 2021ko eka. 14a, 07:58
Nekane Berriotxoa eta Iñaki Elduaien. M. EIZAGIRRE

Gipuzkoako pentsiodunek bizikleta-martxa egin zuten maiatzaren 24tik 29ra, eta mobilizazioak ere antolatu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Herrialde mailako ekimenaren eta azken hiru urteotako ibilbidearen inguruko balorazioa jaso du Ataria-k Nekane Berriotxoaren eta Iñaki Elduaienen eskutik. Horrez gain, pentsioen afera zeharkatzen duten hainbat gako sozioekonomiko azaldu dituzte.

Bi mila eta hamazortziko urtarrilaren 15ean abiatu ziren pentsiodunen mobilizazioak. Hori bai, aurretik baziren pentsiodunen elkarteak Hego Euskal Herrian barrena. Bultzada eman zioten gerora herrietako plazetan astez aste ikusitakoari. Berriotxoak eta Elduaienek gogoan dituzte, besteak beste, 2013ko Osasun Kopago Legearen kontrako sinaduren bilketa nahiz 2017ko EAErako eta Nafarroako Foru Komunitaterako Legegintzako Herri-Ekimenak. «Sinadura-bilketa arrakastatsuak» izan zirela diote, lehenbizikoak 47.000 lagunen sostengua izan baitzuten, Nafarroako eta EAEn botiken berrordainketaren konpentsazioaren alde. Bigarrengoa, aldiz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, Gizarte Segurantza eta Babes Sistema propioa aldarrikatzeko antolatu zen, ia 80.000 sinadurarekin. Erakundeek ez zioten jaramon handirik egin eskakizunari, eta Hego Euskal Herriko plazetan haserrea piztu zen berehala. Geroztik, ez diote mobilizatzeari utzi, eta apurka-apurka mugimendua indartzen joan da.


Gutxieneko pentsioa duintzeko borroka, Zerkausian. N.R.A.

Zein da zuen balorazioa azken hiru urteotako mobilizazio-zikloaren inguruan? Zeintzuk izan dira une gogoangarrienak?

Iñaki Elduaien: Urte guztiotan une gogoangarriak eta garrantzitsuak izan ditugu. Esan daiteke astelehenero elkarretaratzeak egitea eta manifestatzea bera badela esanguratsua eta Europan bakarra dela gehienbat Euskal Herrian daramagun borroka hau. Baina horiez gain, aipatu behar dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazio erraldoiak 2018. urtean, 2019ko apirilean, maiatzean eta azaroaren 16an. Oso gogoangarria izan zen, halaber, Gasteizko Eusko Legebiltzarrera EAEko hiru lurraldeetako pentsiodunok egin genuen martxa, non 5.000 pentsiodun elkartu ginen.

Mobilizazio ziklo honetan, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren barruan 2019ko udan egin zen gogoeta eta hausnarketa izan da giltzarria. Kontuan izan behar da apirilean eta maiatzean egin ziren hauteskunde prozesuetan gure aldarrikapenak agenda politikoan egon zirela. Baina, promesetatik at, egitate ezak jauzi kualitatibo bat emateko beharra ikustarazi zigun. Horrela, saretze prozesuari ekin genion, udazkenean mobilizazio orokorra bultzatze aldera, baita langileek deitutako lan geldialdiaren aukera proposatu zitzaien erakunde sindikalei.

2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorra hausnarketa horren ondorio izan zen, eragile eta sektore guztien arteko saretzea egon baitzen. Horren isla izan ziren goizean lau hiriburuetan egin ziren mobilizazio erraldoiak.

Nekane Berriotxoa: «Gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakalarekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu»


Ondoren, COVID-19aren agerpenak egoera aldatu egin zuen, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren erdialdera arte etxetik atera ezinik egon baikinen. Hala ere, berehala ekin genien elkarretaratze eta manifestazioei. Ekainaren 1ean Hego Euskal Herriko 70 herritako Pentsiodunen Batzarrak martxan ginen berriro eta ekimen horrek lagundu digu berriz ere gure aldarrikapenak agenda politikoan egotea eta erreferentzia izatea aktibazio sozialari dagokionean, zein Estatuko Herri zein Erkidegoetako Pentsiodunen Plataformei dagokielarik.

Izurriteak agerian utzi ditu sistemaren arrakalak eta gabeziak, bai zerbitzu publikoetan zein zaintzaren ereduan. Argi daukagu zaintzaren ereduaren aldaketa beharrezkoa dela eta gaur egun abian den pribatizazio prozesua eten egin behar dela, zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoaren alde borrokatuz. Bide horretan, egoiliarren senideekin eta langileekin sareak ehuntzen jarraitu beharra dago, aipatu norabidea aldatzeko.

Une gogoangarriak dira azken bi asteotan bizi izan ditugunak, alde batetik maiatzaren 24tik maiatzaren 29ra Gipuzkoan barna gure lurraldeko pentsiodunok egin dugun Bizikleta Martxa eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin ditugun manifestazioak, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula gaur egungo pandemia garai hauetan 16.000 pertsona elkartzea.


Toledoko Itunaren kontrako manifestazioa Tolosan, otsailean. J. ARTUTXA

Pentsio zein lan erreformek pentsio sistema pribatuei mesede egiten dietela azpimarratu izan duzue behin baino gehiagotan. Zergatik?

Nekane Berriotxoa: Pentsioak eta gizarte-prestazioak ez dituzte botere publikoek sortu, eta ez dira haien opari bat. XIX. mendean sortutako elkarri laguntzeko sozietate gehienak langileek sortu eta sostengatu zituzten, funts solidarioekin, langileak eta haien familiak sostengurik gabe uzten zituen gaixotasun edo istripu-egoerei erantzuteko.

Espainiako Estatuko pentsio-sistema publikoaren historia, beraz, langile klasearen historiaren zati garrantzitsua da, estatuak bermatutako belaunaldien eta lurraldeen arteko historia eta elkartasun-kontratua. Egungo pentsiodunek gure gurasoengatik, aitona-amonengatik eta geure pentsiorako eskubidea sendotzeko kotizatzen dugu, eta orain datozen belaunaldi berriei dagokie beren eta gure pentsioen alde borrokatzea eta sostengatzea.



Hala ere, botere ekonomikoak sistema publikoaren mantenua zalantzan jartzen jarraitzen du. Itxuraz erreala den arrazoi bati eta interesduna den beste bati dagokion zalantza bat: lehenengoa da datozen hamarkadetan pentsiodunen kopurua ohiz kanpoko moduan haziko dela baby boom delakoaren eraginez, joan den mendeko 60 eta 70. hamarkadetan jaiotza-tasa handia izan zelako, eta bizi-itxaropena igo egin zelako; baina bizi-itxaropenak ez die eragiten pertsona guztiei, ezta herrialde guztiei ere. Baby boom-etik datozen onuradunak gehituta ere, ez litzateke lortuko gure inguruko herrialdeetako pentsioetako gastuaren BPGaren ehunekoa; bestea, kotizazioengatiko diru-sarrerak urtean 145 mila milioi eurokoak dira. Hau da, estatuan sortzen den aberastasun osoaren %9,5. Zenbateko hori oso gustagarria da, baldin eta osorik edo zati batean banku eta aseguru-etxeen esku geratzen bada funts pribatuetan inbertitzeko. Hau da, gutxiengo bat gure kontura aberasteko.

 

Iñaki Elduaien: «Kotizazioak handitzeko kalitatezko enpleguak eta eskubideak behar dira»


Joan den mendeko 80ko hamarkadatik, bankuen, Nazioarteko Diru Funtsen eta eskuin neoliberaleko ekonomialarien txostenek pentsioen sistema publikoa hautsi egingo dela azpimarratzen dute. Baina iragarpen horiek ez dira baieztatu. Are gehiago, hogeita hamar urte geroago, sistema publikoak osasun ona izaten jarraitzen zuen, eta erreserba-funts bat sortzeko gai zen, «pentsioen itsulapikoa» izenekoa. 2011n ia 67 mila milioira iritsi zen, baita nazioarteko krisia hasi ondoren ere.

Arazoa da pentsio-sistema publikoaren bideraezintasun hain aipatua politika publikoek eragin dutela; Gizarte Segurantzaren azken erreformek sistemaren diru-sarreren eta gastuen arteko oreka hautsi dute, pentsioen zenbatekoen gainean soilik jardunez. Finantzaketa-modu berririk bilatu gabe itsulapikoan eskua sartu da, eta ondorioz, ia hutsik utzi da.

Espainiako Estatuko gizarte-segurantzaren finantzaketa-sistemaren zailtasunen erantzule nagusia enplegu-politikak dira; izan ere, lan-faktorea ezabatu edo murriztu beharreko kostu hutsala dela uste dute, akziodunen eta enpresaburuen irabaziak handitzeko. Prekarietatearen eta soldata txikien hazkundean islatzen den estrategia neoliberala da, kapital-errentei mesede egiten dien fiskalitatea, lan-errenten kaltetan. Horren jatorrian dagoena jakina da: kapitala gero eta esku gutxiagotan pilatzea nahiz politika horiek eragindako finantza-krisi sistemikoak.

Onartezina da bankuen eta haien pentsio-plan eta funts pribatuen aldeko erreformek bultzatutako pentsio-sistemaren likidazioaren eta pribatizazioaren birusa aspirinekin sendatu nahi duen erakunde-estrategia.

Horrez gain, erretiroa hartzeko beharrezkoa den kotizazioaren iraupena luzatu eta pentsioen zenbatekoa murriztu egin nahi dute. Zer deritzozue?

I. E.: 2011 eta 2013 artean PSOEren eta PPren gobernuek aldarrikatutako pentsio-erreformen lehena Espainiako parlamentu ia osoaren babesarekin eta bigarrena PPk bere aldetik ezarria helburu nagusia da pentsio publikoa murriztea kapitalizazio pribatuko sistema bat ezartzen laguntzeko, horretarako prestazioetan murrizketak eta horiek eskuratzeko baldintzak gogortzea erabiliz.

Indargabetzeko eskatzen ditugun 2011ko erreformako neurri bidegabeak, abusuzkoak eta onartezinak deritzogunak: erretiroaren atzerapen progresiboa 65 urtetik 67ra 2027rako; pentsioa kalkulatzeko aldia 15 urtetik 25 urtera igarotzea 2022rako; eta 2027an, kotizazio-denbora 35 urtetik 37ra igotzea, pentsioaren %100 eskuratzeko.

Erretiro aurreratuaren auziari ere heldu diozue aldarrikapen-taulan. Zertan datza indarrean den politika? Zer da aldatu behar dena?

N.B.: Indargabetzeko eskatzen ditugun 2011ko erreformako neurrien artean daude honakook ere: erretiro aurreratua 61 urtetik 63 urtera atzeratzea, 33 urtez kotizatua 30 urtez izan beharrean; eta, oinarri arautzailearen gaineko koefiziente murriztaileak handitzea, erretiroa 63 urtera aurreratzeagatik.

Neurri horiek indargabetzeko eskatzen dugu, hots, erretiro aurreratua ez zigortzea. Izan ere, emakumeen eta langabezian dauden gazteen eskubideek lehentasuna izan beharko lukete egungo kolapso ekonomikoan.

Azkenik, erretiro aurreratua kotizatutako 40 urterekin zigortu gabe onartzea, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera.

Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunen zati handi batek Lan Arteko Gutxieneko Soldata baino gutxiago jasotzen du, eta hori erregulatzeko eskumena duten gobernu autonomikoek uko egiten diote diru-sarrerak osatzeari. Lehentasun kontua ote da?

I. E.: Gaur egungo LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) 950 eurotan dago. Guk Gutxieneko Pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin eskatzen dugu. EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuek uko egiten diote pentsioak osatzeari, pentsioen eskumena Estatuko Gobernuarena dela aitzakiatzat hartuta. Egia da estatuarena dela pentsioen sistema arautzeko eskumena, baina Gasteizko zein Nafarroako gobernuek badute eskumena pentsioak osatzeko 1.080 eurotara. Lehentasunezko kontua da, baina entzungor egiten dute gobernuek eskaera horren aurrean. Gainera, Espainiako Estatuko Gobernua osatzen duten alderdiek hitzarmena dute legegintzaldia bukatzerako LGS 1.200 eurokoa izango dela.

Europako Gutun Soziala sinatzean hartutako konpromisoa betetzeko eskatzen diegu Espainiako Gobernuari eta parlamentuari, gutxieneko pentsioa batez besteko soldataren %60raino igotzeko. Horretarako, Aurrekontu Legean edo lege espezifiko batean konpromiso hori gauzatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partidak gaitzea eskatzen dugu.

Espainiako Estatuko, EAEko eta Nafarroako batez besteko soldataren egungo mailek guztiz justifikatzen dute aldarrikapen hori. Gauzak horrela, diru-sarrera nahikoak bermatzea exijitzen diegu, egungo eskumenen eta etorkizunean eskura ditzaketen eskumenen esparrutik, beren errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriz, aipatutako Europako Gutun Sozialak zehaztutako gutxieneko pentsioa lortzeko.


1.080 euroko pentsioak osatzea eskatzen diote Jaurlaritzari . J. A.

Emakume alargunak, bereziki, pentsio baxuen zurrunbiloaren erdian kokatzen dira. Zerk ezaugarritzen du pentsioen barruko genero-arrakala hori?

N.B.: Aurrekoan batek kontatzen zidan 27 urtez lan egin ondoren ondoren, 200 euro kobratzen dituela. Zur eta lur geratu nintzen. Alargunen kopurua %52 zen lehen, eta iaz %60ra igo zuten. Horren inguruan propaganda ugari egin zen, baina baldintza pila bat ditu; aurrezkietan 37.000 euro baino gehiago ez izatea, adibidez. Pila bat mugatzen du horrek, zu edo zure bikotea egoera normaletan lanean egon zaretenean, hemen, bederen, kopuru horretara iristea erraza delako. Agian uneotan ez da horren erraza, baina lehen bai. Orduan, horrekin eta bestelako baldintzekin, pentsioa kobratzeko aukera murrizten zaie alargunei. Bestalde, etxeko gastuak, administrazioa eta seguruak tarteko, berdin ordaintzen duzu, bat ala bi egonda ere. Ez dugu ulertzen zertara datorren kasurik onenean %60ra jaistea. Emakume horiek soldatapeko lana izan ez badute ere, etxean egin dute lan, senarrak soldatapeko lanera joan ahal izateko. Azken batean, lan hori ez dago kontabilizatuta. Hori injustizia eta indarkeria da instituzioen aldetik.

Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak horri dagokionez?

N.B.: Gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, eta, bestetik, ezkontidearen pentsioaren 100 euro alarguntza-pentsiorako. Balio bereko lanari soldata berdina. Neurri eraginkorrak eskatzen ditugu emakumeak ekonomiaren sektore guztietako lan kualifikatuetan sar daitezen, bai eta lana eta bizitza uztartzeko politika eraginkorrak ere, emakumeek kalitatezko enplegua lortu eta zaintza-lanak bana ditzaten.

Berdintasunaren aldeko aldarria egiten den garai honetan, familia edo bizikidetza-unitate batean, pentsioaren eragilea hil ondoren, bizirauten duenak pentsio osoa jasotzeko eskubidea duela onartzea iraganeko etapetatik arrastaka datorren bidegabekeria batekin amaitzea da, batez ere kotizatzen ez duten emakumeentzat.

Onuraduna pentsioaren sorreran partaide izan dela aitortu nahi da, batez ere duela urte gutxira arte ezarritako lanaren banaketa tradizionalean etxekoandreen rola esleituta zuten emakumeen kasuan.

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestak dioenez, 2008 eta 2018 artean %46 hazi zen pobrezia erreala EAEn, eta hori COVID-19aren eztanda baino lehen. Joera horrek pentsiodunak ukitzen ditu?

I. E.: Jakina baietz, eta egoera hori garbi ikusten da emakume pentsiodunen kasuan, arestian ikusi dugun bezala. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskatu behar duten EAEko 16.000 pentsiodunetatik 11.000 emakumeak dira, gehienak alargunak.

Adin-talde handienetan ikusten dira pentsio txikienak. Jaitsiera antzekoa da gizonen artean, baina bizitzaren amaieran ia 400 euro gehiago kobratzen jarraitzen dute erretiroan. Beraz, pentsiodunen artean ere pobreziak emakumearen aurpegia dauka. EAEko eta Espainiako pobreziari buruzko azterlan eta txosten ugarik «pobreziak emakume-aurpegia du» esaldia jasotzen dute, bazterkeria- eta gabezia-egoerek ia adin-segmentu guztietako emakumeei neurri handiagoan eragiten dietela adierazteko modu grafikoa delako. Emakumeen pobrezia-tasa handiago horrek zuzeneko translazioa du gizarte-laguntzak eskuratzeko orduan, prestazio horiek behar dituzten gizonak baino emakume gehiago baitaude aurrera egiteko eta mantentzeko.

Hego Euskal Herrian 700 eurotik beherako pentsioak dituzten 247.000 pentsiodun daude, gehienak emakumeak 190.000 alarguntza-pentsioak dituztenak. Azkenik, pobrezia energetikoak ere eragina du pentsio baxuak jasotzen dituztenen artean. Pobrezia energetikoa bereziki bortitza da adineko emakumeen eta pentsiodunen artean.

Pobretze erlatiboari dagokionez, pentsioak Kontsumoko Prezioen Indizearen eboluzioaren arabera ez eguneratzeak ere erosahalmenaren beherakada dakarrela ohartarazi duzue. Salaketak eraginik izan du agintari politikoen agendan?

N.B.: Europako funtsa direla eta, erabateko gardentasun ezarekin ari da jokatzen Espainiako gobernua. Badirudi pentsioen igoerak KPIaren arabera ezarriko direla. Hala gertatuko balitz, Pentsiodunen Mugimenduaren borrokaren ondorioa litzateke, %25a indargabetuz. Hala ere, kontuan hartzen badugu erosketako saskia, argi, gas zein erregaien azken urteotako igoera %7a baino askoz handiagoa izan da, bataz besteko igoera ofiziala baino askoz handiagoa. Adibidez, ekainaren 1etik argindarraren prezioaren igoera berria dago. Pentsioak %0,9 igotzen diren bitartean, argia %46 igotzen da; funtsezko eta beharrezko ondasuna izanik.

Zuen borroka erretiroa hartuta dutenena baino zabalagoa dela azaldu izan duzue. Pentsiodunen bizi-baldintzen kaskartze progresiboak badu zerikusirik langileriaren pobretze orokorrarekin?

I. E.: Gure borrokari esker, gaur egun badakigu pentsioen sistema publikoa jasangarria dela, eta urteetan iruzur egin digutela pribatizazioa justifikatzeko eta gure pentsioak okerragotzeko. Halaber, badakigu kotizazioak direla sistema publikoaren finantzaketa-iturri nagusia. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte handitzea nahi dugu, genero-arrakalekin bukatzea, eta erretiroa hartzeko adina aurreratzea, gazteen langabezia murrizteko.

Horregatik, gure borrokaren hasieratik, ulertu dugu kotizazioak handitzeko kalitatezko enpleguak eta eskubideak behar direla. Eta hori lortzeko, 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetu behar dira, eta langileek beren enpleguak eta lan-baldintzak defendatzeko egiten dituzten borrokak babestu. Erreforma horiek negoziazio kolektiboa ahuldu egin dute, lan-prekarietatea areagotu, eta soldatak kolpatu dituzte, 2008 eta 2019 artean izoztuta egon baitira, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera. Erreforma horiek patronalaren boterea handitu egin dute, behin-behinekotasuna sustatu dute, kaleratzea merkatu dute, azpikontratazioak orokortuz eta akordiorik ez zegoenean akordioak automatikoki luzatzeko aukera kendu egin dute. Gaur egun, aldi baterako lanaren erregulazioa da gizarte-segurantzari iruzur egiteko iturri nagusia, bai eta kotizatzen ez diren asteko aparteko milioika orduen kontrolik eza ere. Eta larriena da administrazio publikoek berek, hala nola euskal administrazioak, mantentzen duela %40tik gorako behin-behinekotasuna.

Legez ezarritako lan-erreformek, edo ia ordaintzen ez den sozietateen gaineko zerga batek, edo bankari lapurrak erreskatatzeko diru publikoa erabiltzeak, gutxiengo baten pribilegioei eusten diete, gehiengo sozialaren kontura. Lan-erreformak bertan behera uztearen aldeko mobilizazioak ugaritzen ari diren bitartean, Espainiako Gobernuak behin eta berriz esaten du sindikatuek itun sozialak lor ditzatela patronalarekin, eta hori badakigu ezinezkoa dela, jakin baitakigu patronalak eskulan merkea ustiatzen jarraitzeko interesa duela, etekinak areagotzeko.

Gobernuak bere gobernu-programa bete dezala eskatzen dugu, pentsioei eta 2012ko lan-erreformari dagokienez, zeina indargabetzeko konpromisoa hartu baitzuen publikoki eta idatziz.

Koiuntura pandemikoarekin, aurretiaz osasun sistema publikoan hautematen ziren hutsuneak seinalatu eta aldarrikapenak berretsi dituzue.

N.B.: Pandemiak agerian utzi ditu sistemak zituen gabeziak. Neoliberalismoaren bidetik murrizketak eta pribatizazioak indarrean jarri direlako agerian geratu dira sistemaren arrakalak. Merkatuak ezin du bermatu pertsonen ongizatea, etekinak ateratzea baitu helburu guztiaren gainetik. Horregatik, beharrezkoa da bizitza eta pertsonak erdigunean jartzea.

Beraz, pertsona garen aldetik, bizi-baldintza duinak izateko dugun eskubidea osasun- eta soziosanitario-zerbitzuekin ere lotuta dago, eta, horregatik, eta gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak.


Pentsio publiko duinak aldarrikatzeko Gipuzkoa zeharkatu zuen martxa eskualdean, martxoan. E. M.


Bizikleta martxa egin zenuten Gipuzkoan barrena, maiatzaren 24tik 29ra. Nola sentitu zineten?

I. E.: Ongi. Ekimen honekin helburu jakin batzuk lortu nahi genituen: asmoa ez zen taldetxo bat jarri, prestatu eta herrialdetik buelta bat ematea, talde horrek egin behar zuen lana eta lan horren funtsa baizik. Orduan, lehenik, propaganda zabaldu behar genuela ikusten genuen. Bigarrenik, gure egitasmoak parte-hartzailea izan behar zuen, herriz herri ahalik eta jende gehienak parte hartzeko. Hirugarrenik, bereziki, pentsioen gaia zabaldu eta gizarteak maila batean barneratzea ez dela gaurko pentsiodunen arazoa bakarrik, gizarte guztiarena baizik.

Tolosara etorri ginenekoa lehen eguna izan zen. Denok urduri hasi genuen, eguraldiari dagokionez, goizetik euria izan genuen. Edozein gauzetan bezala, lehen eguna apur bat mugitua izan zen. Baina dena den, hasiera oso txukuna izan zen: Oreretatik atera ginen, dena oso ondo antolatuta zegoen han. Herriari buelta eman ondoren, herriz herri pasa ginen. Hernanin oso harrera goxo eta hunkigarria egin ziguten, hango jende helduak eta ez-helduak. Handik aurrera, ekimenean parte hartzen ari zen jende mota ikusten hasi ginen. Lehen sintomak positiboak izan ziren, eta gero, zorionez, horixe ikusi genuen pasa ginen herri guztietatik, Donostiara iritsi arte. Jende askok hartu zuen parte, adin guztietako pertsonak.

Donostian burutu zenuten martxa, mobilizazio jendetsuarekin. Harrera ona izan zenuten hiriburuan?

N.B.: Emakume gehienok ez ginen egon bizikleta-martxan, beste manifestazio guztietan bezalaxe hartu genuen parte. Baina hala ere, oso harrera ona izan zela uste dut. Oso alai eta pozik ikusi nuen jendea, nobedadea izan zelako. Egia da azkenaldian gauza desberdinak egiten direnean beste animoekin egiten direla, behar bada kontzentrazioak gauza aspergarriak bihurtu dira, eta joaten garenok konbentzitua gaudelako egiten ditugu. Nabari da beste forma bat eman behar zaiela, edo aldaketak egin behar direla, bederen. Jendea konbentzituta dago eta «militantzia» moduan parte hartzen du, baina alaitasun hori nabaritu egin zen.

I. E.: Egia da Nekanek esaten duena, eta azken ekimena martxan jartzeko momentuan hutsune handia nabaritu genuen. Ez genuen lortu emakumerik egotea sei etapetan, baina esfortzu handia egin dute, hainbat etapetan parte hartuz. Justuki, 73 urteko bizpahiru ibili dira pare bat etapa egiten. Gero, esan behar da harrera guztietan, herri guztietan, emakumeak izan direla ekimena antolatzen. Parte aktiboa izan dira. Halere, egia borobila da Nekanek esandakoa: taldean ez geneukan emakumeen presentzia egonkorrik, eta hori da belaunaldi honen hutsune nabarmena. Zorionez, belaunaldi berriek ez dute horrenbesteko arazoa. Gizonezkoek eta emakumezkoek denok batean parte hartzeko aukera izan da. Orduan, ekimen honekin bilatzen genuena zen arazo honen aurrean denok bat egin behar dugula, eta denok bat erantzun behar dugula. Maiatzaren 29ko ekimenak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan 16.000 pertsona biltzea lorpen handia izan da.

Pentsioen gaineko aldaketa politikorik ez bada, mobilizazio orokorra iragarri duzue udazkenerako. Zein da asmoa?

I. E.: Guk eragileekin harremanak ditugu urtean zehar, baita momentu honetan ere. Datozen hilabeteetan ikusiko da eragileek zer esaten diguten, batez ere eragile sindikalek. Beraiek maiatzaren 29ko ekimenarekin oso argi ikusten zuten mobilizazioak egin behar direla, eta mobilizazio indartsuagoak ere antolatu behar direla. Indartsuenak, ordea, udazkenerako ikusten ditugu egokien. Orduan, datozen asteetan beraiekin harremanetan jarriko gara, euren proposamenak ezagutzeko. Guk, edozein kasutan, babes osoa emango diegu.

ERAKUNDEEKIN ELKARRIZKETAK

Kaleko ekintzez gain, «alderdi guztiekin izandako elkarrizketak» ere gogora ekarri dituzte pentsiodunek. Batetik, «Herri Ekimenaren Legea» aipatu dute. Izan ere, berau prestatzeko izapideak abiatu zituzten. Halere, ekimena bertan behera geratu zen, «prozedura luzea» izango zela aurreikusi baitzuten, eta gainera, ez zuten aukera handirik ikusi eurek nahi zuten puntura eramateko. Bestalde, Fiskaltzarekin eta Arartekoarekin ere bildu ziren, zaharren egoitzen auziari heltzeko. «Kalean ikusten den lanaz gain, erakundeekin ere harremanak izan ditugu», ondorioztatu du Berriotxoak.

 

ESTATUKO HERRIEKIN BAT

Martxoaren 29ko deialdia “estatuko herrietako pentsiodunekin elkarlanean” antolatu zutela nabarmendu du Elduaienek. Espainiako Estatuko hainbat lurraldetako bidelagunak aipatu ditu, hala nola, Andaluziakoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak, Asturiasekoak, Madrilgoak, Gaztelakoak eta abar. “Egun eta ordu berean bakoitzak bere lurraldean erantzutea adostu genuen”, dio Elduaienek. Formez gain, edukian ere bat egin zuten estatu mailan: publikotasuna eta murrizketen deuseztapena aldarrikatzeko, hain zuzen ere. “Urrats garrantzitsua” izan da Elduaienen ustez; izan ere, aipatu elkarlanak “aukera berriak” ekarriko dituelakoan dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!