Erakutsiz ikasi

«Noizbait nire herriko alkate izan nahiko nuke »

Erabiltzailearen aurpegia

Erakutsiz Ikasi ekimenaren barruan, Laskorain ikastolako DBH 3-ko Komunikabideetako ikasleek Julen Telleria aukeratu dute elkarrizketatzeko; Nagore Sarasua, Oihane Azkue eta Oier Gastesi ikasleak 'Ataria irrati'-ko mikrofonoetan jarri dira kazetari tolosarra elkarrizketatzeko.

Betimu, Akabo bakea, Gu ta Gutarrak, Dida, Gure kasa edota perkusioan… saltsa guztietan dagoen artista da, Julen Telleria (Tolosa, 1990).

Zer moduz?

Ondo, oso pozik. Ez dakit dakizuen, baina, saltsa horietan hasi aurretik, zuek bezala Laskorain ikastolan ikasi nuen. Beraz, Laskorain ikastolako ikasleen aurrean galderak erantzutea oso polita da niretzat. Oso pozik nago.

Txikia zinenean zer izan nahi zenuela esaten zenuen?

Nik betidanik telebistan agertu nahi izan dut. Ez telebistan lan egin, baizik eta merituren bat egin, telebistan agertzeko. Kamara aurrean agertzea gustatzen zitzaidan, baina ez dut gogoan txikitan telebistan lan egin nahi nuela esaten nuenik. Pilotaria, futbolaria... ohiko lanbide horiek nituen buruan. Baina esan beharra dago pilotari edo futbolariaren aukera gustuko nuela telebistan agertzeko aukeragatik.

Anaia Antton eta zu Laskorain ikastolatik igaro zarete, eta ikus entzunezko komunikazioa ikasi duzue. Nolatan egin dituzue biok ikasketa berdinak?

Ez ikasi soilik. Ia guztia berdin egiten dugu. Ikastolan ikasi, perkusioa ikasi, biok ibili gara zesta puntan, ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dugu, eta biok amaitu dugu lan berdina egiten eta elkarrekin. Oso ezberdinak gara, baina gauza berdinak gustatzen zaizkigu. Esaterako, bioi gustatzen zaigu telebistan agertzea, jendearekiko harremana, biok oso irekiak gara…

Noiz hartu zenuen ikasketa horiek egiteko erabakia?

DBH-ko lehenengo mailan Komunikabideak aukeratu nuen. DBH 4. mailan, Iñaki Mujika, gure tutoreak, unibertsitateko karreren zerrenda pasa zigun, eta gogoan dut karrera bat izenagatik gustatu zitzaidala besteen artean: Ikus-entzunezko komunikazioa. Eguerdi hartan etxera iritsi eta amari esan nion hori ikasi nahi nuela eta amak esan zidan lasai egoteko, denbora zegoela aukeratzeko. Begiratu, aztertu eta bueltan-bueltan horixe ikasten amaitu nuen.

Musika munduan ibili zara, hainbat txaranga zein taldetan.

Bai. Gainera, oker ez banago, lehen belaunaldia izan ginen Tolosan hiru urterekin musika eskolan sartu ginenak. Guk txikitatik solfeo ikasi dugu eta zortzi urterekin instrumentua aukeratu behar zenean, perkusioa aukeratu nuen. Perkusioak aukera asko ematen ditu kalean txarangarekin jotzeko, edo talde batean jotzeko. Horri esker eta Tolosako Inauteriak izugarri gustatzen zaizkigulako, txikitatik hasi ginen txarangan jotzen. Poliki-poliki hasi ginen, Ibarrako festetara-eta joaten, eta, diru apurtxo bat irabazten ere hasi ginen. Dolce Tangana taldea ere sortu genuen. Oso berezia izan zen: Anttonek bateria jotzen zuen eta ni abeslaria nintzen. Bederatzi kidek osatzen genuen taldea. Ez genuen oso musika ona egiten, baina ondo pasatzen genuen.

Aurkezle batzuei haien burua telebistan ikustea gustatzen zaie hobetzeko asmoarekin. Zuk ere gustuko al duzu?

Aurkezle gehienei ez zaie gustatzen haien burua telebistan ikustea. Baina, egia da komeni dela, kanpotik gauzak beste era batera ikusten baitira. Niri gustatzen zait, ez nire burua ikustea gustatzen zaidalako, baizik eta gure programak ikusten ondo pasatzen dudalako. Kotxez noanean ere askotan goiz horretan egin dugun programa jartzen dut. Eta hobetzeko asko balio dit horrek.

Imitazioak egiten ona zarela esan digute. Egia al da?

Beti gustatu izan zait imitatzea, eta txikitan, etxean asko jolasten genuen horretan. Ez nuke esango imitatzaile oso onak garenik, baina, asko gustatzen zaigu, bai Anttoni eta baita niri ere.

Nora eragiten du zure bizitzan pertsonaia publikoa izateak? Astuna al da zenbaitetan?

Ez, ez da astuna. Kontutan hartu behar dugu gu ETB1n agertzen garela, eta ETB1 ez da Netflix. Eta, bestetik, Gaztea Irratiko lana dago. Beraz, bizitza oso normala egin dezakegu. Adibidez, Realeko jokalari bat kalera ateratzen bada, mundu guztiak ezagutuko du, eta gu ez gaitu mundu guztiak ezagutzen. Gainera, Euskal Herria zentzu horretan oso leku lasaia da. Kilometroak edota Durangoko azoka bezalako euskaltzaleen topaketetan, horrelakoetan bai nabaritzen dugula jendeak ezagutzen gaituela, eta argazkiak-eta eskatzen dizkigute. Normalean gugana etortzen den jendeak gauza politak esaten dizkigu, eta hori asko eskertzen da.

Jende askok dio Gure Kasa eta Dida saioetan ederki pasatzen duzuela, lan gutxi eta jolastu asko. Horrela al da?

Ondo pasatzen dugu, eta ondo pasa beharra daukagu, gu begiratzen edo entzuten gaituenak ondo pasatzea nahi badugu. Badira egunak makurragoak eta gogo gutxiagorekin zaudenak, baina, antenan jartzearekin batera, badakizunez jendea animatu behar duzula, nahigabe animatu egiten zara. Beraz, terapia bezala ondo dago. Hori bai, bere alde onak eta txarrak ditu, noski. Irratiko saiorako, goizeko seietan jaiki beharra izaten dut egunero, eta hori ez diot inori opa. Bestalde, gure lanean burua etengabe lanean eduki behar duzu, eta hori ere desgaste txiki bat bada.

Atzean dagoen lana ez da ikusten.

Irratian bost lagun aritzen gara, eta boston artean egiten dugu lau orduko saioa. Telebistan Antton, Zuriñe eta hirurok gara aurkezleak, baina, lantaldea agian 60 pertsonek osatzen dute. Telebistakoa alde horretatik erosoagoa da.

Antton anaiarekin lan egiten duzu. Hainbeste denbora elkarrekin igarota, haserrealdirik izaten al duzue?

Ez dugu eztabaidatzen. Nik badakit Antton noiz dagoen haserre, eta Anttonek ere badaki ni naiz nagoen haserre. Anaiarekin lan egitea oso polita da, eta kanpotik ikusita ere polita izan daiteke. Hori bai, faltan botatzen dudana da anaia faltan botatzea, izan ere, goizean irratira iritsi eta han dago, arratsaldean telebistara joan eta han dago, eta gauean agian gurasoen etxera afaltzera joan eta han dago.

Gaur egun triatloiak ere egiten dituzu. Zure egunak 24 ordu baino gehiago al ditu? Nola egiten duzu?

Nahiko nuke 24 ordu baino gehiago balitu, 25.ena lo pixka bat gehiago egiteko aprobetxatuko bainuke. Denbora librea badaukat. Kontua da denbora hori bakoitzak zertan erabili nahi duen. Niri kirola egitea betidanik gustatu izan zait. Asko gustatzen zait baita ere sukaldatzea, baina, ez dut lehen nuen bezainbeste denbora horretarako.

Instagramen 10.000 jarraitzaile dituzu. Zer harreman duzu sare sozialekin?

Instagram eta Twitter erabiltzen ditut, batez ere. Twitter lanerako oso tresna garrantzitsua delako erabiltzen dut, eta Instagram kotileatzeko gustatzen zait.

Zer nahiago duzu telebista edo irratia?

Biak gustatzen zaizkit, ez nuke bat aukeratuko. Bataren askatasuna eta bestearen erosotasunagatik.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna hemendik 10 urtera?

Gustatuko litzaidake gaur egun bezala irratian eta telebistan, berdin jarraitzea. Irakasle izatea gustatuko litzaidake, eta noizbait nire herriko alkate izan nahiko nuke.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!