Egin lekua binakako pentatloiari

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2020ko eka. 23a, 18:00

Azken urteotan pentatloiak indarra hartu du herri kiroletan. Modalitate horren antolakuntzan buru belarri dabil Gari Etxeberria amasarra, eta berrikuntza baten berri eman digu Ataria Irratiko Desafioa saioan: binakako pentatloia. Banakako txapelketa irailean egin da azken bi urteetan, eta aurten berriro egiteko asmoa dago. «Iazkoan arrakasta handia izan zuen, eta aurten berrikuntza bat egin nahi genuen, binakako txapelketarekin», esan du Etxeberriak.

Hasiera batean San Joan jaien bueltan egin nahi zuten, eta horretarako jarri ziren kontaktuan Tolosako Udalarekin. «Txosten bat aurkeztu genuen, eta aurrera eramatekotan geundenean, konfinamendua etorri eta bertan behera geratu zen. Orain berriz martxan jartzeko asmoz gabiltza. Udalarekin bildu ginen, eta oso ondo erantzun zuten. Uztailaren 31n egin nahi dugu, eta udalak ematen duen erantzunaren zain gaude», azaldu du antolatzaile amasarrak.

Lan gogorra jarri zaie parte hartzaileei, kontuan izanik, noski, binaka egingo dela. 100 kiloko bolari 40 jasoaldi eman beharko zaie bien artean, kontuan hartuta gutxien egiten duenak gutxienez 16 egin behar dituela. Giza proban lau plaza dira egin beharrekoak, bakoitzak bi plaza eginez. Lau kanaerdiko ebakiko dituzte bien artean, eta hor ere gutxieneko portzentaje bat ezarriko da. Txingan zortzi plaza eta korrika 4 kilometro.

Sei bikote zehaztuta daude, eta zazpigarrena ziurrenik ere animatuko da. Oraindik ez dituzte esan nahi bikoteak nola osatu dituzten, ekitaldia aurkezterakoan jakinaraziko dituzte, baina orekatuak izango direla zehaztu du Etxeberriak: «Kirolariak konforme daude bikoteen osaketarekin. Gogoz hartu dute txapelketa, eta elkarrekin bilduz ari dira entrenatzen. Banakako pentatloian atera ziren asko bertan izango dira. Ekitaldi ona izango da». Probako txanda bakoitzean batera bi bikote ariko dira, eta guztira zazpi izaten badira, hirugarren txandan hiru bikote ariko dira.

Ikusmina sortuko duen txapelketa izango dela uste dugu, kirolarien maila eta egin beharreko lanak ikusita. Gainera, beste ezaugarri polita da leku guztietakoak daudela parte hartzaileen artean. Horrez gain, aipatu behar da baita ere jende berria izango dela; horrek bere meritua badu, ez baita erraza prestatzea, lan gogorrak direlako. Eta horri aurre egiteko motibazio handia behar da.

Antolatzaileen nahia da zezen plaza batean egitea, proba honetarako leku egokiena baita. «Azpeitian galdetu genuen, baina han festetan egongo dira, eta hondarra ezin dute mugitu eta giza proba egiteko mugitu egin behar da», zehaztu du Etxeberriak. «Tolosari egin diogu eskaera, eta erantzunaren zain gaude. Ezin bada Tolosan egin, Astigarragako Perurena auzoko frontoian egingo genuke, baina egokiena zezen plaza batean egitea da». Azkenaldian herri kirolen mailan izan duen presentzia galtzen ari da Tolosako zezen plaza, eta denak Azpeitira joaten dira, bertan ematen diren erraztasunak direla eta. Ea lortzen duten antolatzaileek Tolosako zezen plazan egitea binakakoa.

Pentatloiak jarraipena izango du irailean, banakako txapelketarekin. Irailaren aurreneko asteburuan kanporaketa egingo litzateke eta azkenekoan finala. «Nik uste binaka ateratzen direnak, banakakoan ere aterako direla, eta iaz baino parte hartzaile kopuru handiagoa izango da ziurrenik», esan du Etxeberriak.

PENTATLOI APUSTUA

Txapelketak ez ezik, apustuak ere ekartzen ditu pentatloiak. Hain justu, Kepa Peñagarikanoren eta Joxean Olaskoaga Aizperro-ren artekoa. Apustua martxoaren 14ean gauzatu behar zen, baina atzera bota behar izan zuten, Aizperro-ren lesio bat dela medio. Segidan konfinamendua etorri zen eta bertan behera geratu zen. Orain berriz ere aurrera eramatekotan geratu dira, eta uztailaren 18an izango da, 18:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Etxeberria antolakuntzan laguntzen ari da: «Ikusle kopuru eta segurtasun aldetik zer-nolako neurriak hartuko diren ez dago zehaztuta, baina aurrera eramateko asmoa dago eta kirolariak lana egiteko gogoz daude».

Data aldatuta, baina lan berdina egingo dute: 35 aldiz 100 kiloko bola jaso, sei kanaerdiko ebaki eta 4,5 kilometro korrika. 3.000 euro izango dituzte jokoan. Lan gogorra da, eta kontuan hartu behar da Peñagarikano pilotari ohia dela eta Aizperro arraunlari ohia. Beraientzako bai harri-jasotzea bai eta aizkora ere lan indartsuak dira, horietan ibili gabekoak direlako. Sei kanaerdiko aizkolari izan ez denarentzat lan handia da. Baina, azken bi urteetan lan horietan trebatzen ari dira, eta ziur ondo betetzen dutela lana.

Gari Etxeberria aritu da herri kiroletan, baina orain nahiago du antolakuntzan aritzea. «Herri kiroletan urte dezente daramatzat, eta egia esan gustatzen zaizkit antolakuntza kontuak, eta horregatik ibiltzen naiz honetan. Hobeto ikusten dut nire burua antolakuntzan plazan baino, plazan oso gustura ibili banaiz ere», esan du Etxeberriak. Antolakuntzan oso ondo aritzen da eta hemendik animatzen dugu horretan jarraitzera. Gainontzeko jendea ere iritzi berekoa da eta gauzak ondo egiten dituenari animatu egin behar zaio lanean jarraitzera.

 

Erlazionatuak

Binakako pentatloi txapelketa Tolosan?

Tolosaldeko Ataria 2020 eka 23 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!