Segatik hasita, egoera tristea da

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2020ko mai. 25a, 19:58
'Luxarbe', zutik eskuinean

Beste kiroletan gertatu den moduan, herri kirolei ere eragin die COVID-19a dela-eta ezarri den alarma egoerak. Tolosaldean, esaterako, Adunan egiten den Gorostidi Harriaren Txapelketa bertan behera geratu da. Santa Kruz jaiak ez dira ospatu, ezta San Isidro Eguna ere, eta horietan eskualdeko zenbait herritan egin ohi diren saioak ez dira burutu.

Herri kirolen egoeraren berri jakiteko, Ataria Irratiko Desafioa saiora Jose Inazio Saizar Luxarbe gonbidatu genuen. Hainbat urte daramatza Herri Kirolen Gipuzkoako Federazioaren lehendakari moduan, eta bere garaian harri-jasotzaile izandakoa da. Eta ez nolanahikoa, bere pisua hiru aldiz jasotzen izan den bakarra, 66 kiloko pisuarekin 202,5 kiloko harria jaso baitzuen. Jarduneko lehendakaria da egun Luxarbe, herri kirol saioez gain, bertan behera geratu baitira federazioko hauteskundeak. Berak ez duela jarraituko azaldu du: «Lekua uzteko prest nago. Urte asko daramatzat hor, pixka bat nekatuta ere banago, adina ere badut, eta azkenean meta handi samarra pilatzen da».

Herri kiroletan egoera okerrenean sega ikusten du Luxarbek: «Martxoan hasten gara kirolari guztiei deitzen. Modalitate bakoitzarekin bilerak egiten ditugu, eta gero erabakiak hartu. Baina egoera berri hau etorri da eta denok ipurdia airean dugula gaude. Normalean sega izaten da aurrena, eta egoera oso beltza ikusten dut. Batik bat, aurretik baserritarrekin egon behar izaten dugu, belardiak-eta prestatzeko. Oraindik ez dakigunez egoera hau nola konponduko den, ez gara ezertan mugitu».

BELARDIAK PRESTATZEKO LANA

Segak, izan ere, berezitasun bat badu, belardiak prest egon behar direla saioa egiteko. «Data bat jartzen da eta baserritarrak bere ahalegina egiten du belardia prest izateko», esan du Luxarbek. «Askotan patrikatik dirua galduta prestatzen du. Ez badaukazu data bat, baserritarrak bere martxa jarraitu behar du, eta horrela egin dezala». Asteasun Bulano baserriko belardietan egin ohi dira txapelketak. «Bulanokoekin, beste baserrikoekin bezala, sekulako zortea dugu. Beraiei gustatzen zaie eta eskua botatzen digute, eta aspertu egingo ginateke beraiei eskerrak ematen», gaineratu du. «Horiek ez bagenitu, nora joan? Eta horiengana ezin dugu joan, ezer ez baitugu oraindik zehaztuta». Horrez gain, kontuan izan behar da saioetan segalariek talde bat izaten dutela ondoan, eta bertakoen parte hartzea ze baldintzetan onartuko luketen ez dagoela zehaztuta.

Harri-jasotzeari dagokionez, Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa Usurbilen dute programatuta, uztailaren hasierarako, Santa Isabel jaien inguruan. «Orain gutxi hitz egin genuen eta aurrera eramateko asmotan daude. Beti ere atzera ez badu egiten egoerak», esan du federazioko lehendakariak. Dirudienez, ikusle kopurua murriztu nahi dute, hau da, berez sartzen den ikusle kopuruaren herena egotea.

Usurbilen posible izan daiteke, baina Donostiako probak egitea zailagoa ikusten da. Aste Nagusian Igeldo Harria Txapelketa eta aizkorako Urrezko Kopa egiten dira. «Donostiako jaiak bertan behera geratu direla esan dute. Ez naiz egon jai batzordekoekin eta ez dakit azkenean egiteko aukerarik izango dugun ala ez», zehaztu du Luxarbek. «Gainontzeko txapelketekin ez dakit zer gertatuko den. Nik galdutzat jotzen ditut. Ea egoerak buelta ematen duen, baina ni arduratuta nago».

Hain justu, Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa Mendaron izan da azken urteetan eta han zegoen programatuta aurtengorako ere. 300 lagun izan ohi dira, eta hirutik bat joaten bada, 100 ikusle izango ziren. «Etxean entrenamendu bat grabatu eta erakustea bezalatsu jotzen dut. Ez diot esperantzarik kendu nahi, baina ni nahiko etsita nago, eta nire susmoa da oso txapelketa gutxi izango dela aurten», esan du Luxarbek.

KIROLARIEN DILEMA

Eta egoera honen aurrean, zer egin dezakete kirolariek? Zenbait herri kirolari ari dira prestaketa lanak egiten, baina jakin gabe saiorik edo txapelketarik egingo den, zaila da motibazioa bilatzea. «Aizkolariek gastu ikaragarria izaten dute», esan du Luxarbek, «eta gero zerbait izango den ala ez jakin gabe, egoera horretan ez dakit inork ere serio entrenatuko duenik. Herriko eta auzoko festetan izaten dira saio eta erakustaldi asko, eta horiek hankaz gora daude. Beraz, ez daukate inongo diru iturririk, eta entrenatzeko ze pozarekin egin behar dute?».

Egoera tristea da, airean daudelako saioak eta txapelketak, eta baita jaso daitezkeen diru laguntzak ere. Horixe azaldu du Luxarbek: «Guk diru laguntza bat izaten dugu urtero, eta hori onartu ziguten. Baina txapelketarik ez bada egiten, atzera itzuli egin beharko dugu». Telebistatik behin ere ez dutela dirurik ikusi gaineratu du federazioko lehendakariak. «Ea nire ondorengoek asmatzen duten hori negoziatzen».

Diru laguntza gehiago eskatzean jaso izan duten erantzuna ere nabarmendu du: «Txapelketetarako jasotzen dugun diru laguntzarekin ez digu ematen gastuen laurdenerako. Eta joan garenean gehiago eskatzera, herri kiroletako jendea gaizki ohituta gaudela erantzun izan digute. Behobia-Donostian korrika egiteko kirolariak ordaindu egiten duela jartzen digute segituan adibide moduan, eta orduan herri kiroletan kirolariak ez duela zertan kobratu beharrik. Horrek muturreko bat ematen dizu eta ezer egiteko gogorik gabe gelditzen zara. Baina gu egoskorrak gara, eta segi egin dugu».

Tristea da egoera, eta baita egoeraren inguruan dagoen ezjakintasuna ere. Luxarbek, behintzat, gauza bat argi du: «Zerbait dakigunean lehenbailehen pasako diegu abisua kirolariei. Ezer ez dakigun bitartean, ez dugu esperantza tontorik eman nahi».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!