[Herri Kiroletatik] Otaño, desafio berri bat eta marka saiakera

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko aza. 3a, 12:44

Larunbat arratsaldean, Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zen Azkoitian. Sei parte hartzaile izan ziren, eta Eneko Otaño izan zen irabazlea. Berak egindako denbora, 20 minutu eta 47 segundo. Julen Alberdi gelditu zen bigarrena, 21:17ko denborarekin. Bi hauek, hurrengo urtean lehen mailan ariko dira.

Hirugarrena Ander Erasun izan zen, 22:29rekin. Laugarrena Migeltxo Mindegia, 22:52 markatuz. Julen Kañamares izan zen bosgarrena, 23 minutu eta 53 segundorekin. Azkenik, Oihan Larretxeak 24:09ko denborarekin amaitu zuen.

Egin beharreko lana, Euskal Herriko lehen mailako finalekoaren erdia. Esan behar da entzun behar izan dudala aurrekoan gaizki esan nuela. Nik bi oinbiko gutxiago izango zirela esan nuen, eta etorri zait jendea zuzentzera. Ni ere deskuidatzen naizenez, esanda gelditzen da. Azkoitian, bi kana erdiko, bi oinbiko eta bi 60 ontzako ebaki zituzten, beraz.

Oso lan polita egin zuten, egur pare bat gogor samarrak atera zitzaizkien arren. Lau nafar eta bi gipuzkoar ziren finalean, eta azken hauek izan ziren lehen mailarako igoera lortu zutenak. Eneko Otaño kanporaketa irabazita zetorren, eta finalean ez zuen kalerik egin. Beizamarrak 22 urte ditu, eta Ugartebururekin dabil aizkoran. Denbora gutxian gorakada handia egin du. Gipuzkoako Txapelketan, bigarren mailakoan, bigarren egin zuen, hain justu Julen Alberdiren atzetik. Oraingoan gauzak alderantziz izan dira. Alberdi azkoitiarrak 25 urte ditu, eta duela gutxi iritsi da aizkora mundura. Hala ere, beti ibili izan da mundu horren bueltan. Eskolako kontuak bideratu arte ez diote aizkoran ibiltzen utzi, ez behintzat orain dabilen moduan. Anjel Arrospide dabil berarekin, eta bere aitona ere aizkolaria izan omen zen. Hala eta guztiz ere, aizkolari baina pilotari gehiago ditu familian.

Ander Erasun hirugarren gelditu zen, eta lehen mailan ibilitako aizkolariak ez zuen itzulerako txartela lortu. Migeltxo Mindegia berriz, kanporaketan bigarren gelditu zen. Faboritoetako bat zen. Baina hasieratik nahiko jota ikusi genuen, urduritasunagatik edo. Julen Kañamaresek ezustekoa eman zuen hasieran, lehen bi enborrak berak bota baitzituen azkarren. Ondoren adar begi oso txar bat tokatu zitzaion, eta bertan, buelta eman ez zion betekada hartu zuen. Azkenik, Larretxea. Nire ustez, bi aurrenekotan edo batez egitera joan zen. Loterik txarrena tokatu zitzaion, eta oinbiko erabat gogorra. Ondorengoa bigunagoa zuen, baina aurrekoan jota geratu zen. Han bukatu zitzaion finala.

DESAFIO BERRI BAT

Azkoitiko finalera Xabier Zaldua azaldu zen. Zumarragakoak aizkoran eta korrika lehendik apustuak eginak ditu, eta sei finalistei desafioa bota zien, 20 kana erdikoetara. Egurrak Zaldua berak ematea izango da baldintza, eta hasiera batean, martxoa aldean egingo litzateke apustua. Han hitz egin zenaren arabera, apustua egiteko moduan Eneko Otaño ikusten zuen jendeak. Aurrez bi jokatua dago, eta ikusi beharko da desafioa hartzen duen edo ez.

Itxita dagoen apustua Arria V.a eta eta Jauregi-Kañamaresen artekoa da. Azaroaren 20an izango da, Tolosako zezen plazan, eguerdian. Denak ikaragarri gustura omen daude. Azkoitian diruak ondorengo joera zuen: Arria V.ak apustua baietz irabazi, baina marka ezetz hautsi. 20 kana erdiko eta 20 kilometro korrika egiten marka Joxe Aierbek dauka, bi ordu eta bederatzi minututan. Oso marka handia dela esaten zuten Azkoitian, eta hori ez duela hautsiko. Ikusiko da.

MARKA, 12 URTEREKIN

Bere marka egiten saiatuko dena, Iraitz Arruti izango da. 12 urteko mutila 100 kiloko harria jasotzen saiatuko da igande honetan, azaroaren 6an. Aiako Urdaneta auzoan izango da marka saiakera, eguerdian. Arruti duela 6-8 hilabete hasi zen izetatarrekin entrenatzen. Hain denbora gutxian 100 kiloko harria jasotzea benetan handia da. Lehen ere umetan pisu hori jasotakoak, edo harri jasotzen ibilitako haurrak badira. Aimar Irigoien, Zelaia, Ostolaza edo Inaxio Perurena bera. Edozein kiroletan bezala, komenigarria da txiki- txikitatik harri jasotzen ikastea, jolas moduan. Kasu honetan, bere aitak naturalki kontatzen duenez, esan egingo dut. Mutila mendira joan eta «aita baietz harri hori jaso» esaten ibiltzen omen zen. Aitak: «Utzi ezak harri hori bakean», esaten zion ordea. Urteak joan eta urteak etorri, haurrari harriak burutik ez zitzaizkion joaten, ordea. Gauzak horrela, gurasoak etsi eta izetatarrengana joan beharrean aurkitu ziren. «Harriak jaso behar baldin baditu, gutxienez ondo ikas dezala zer den mundu hori, eta harriekiko errespetuan ibili dadila». Esku onetan dago behintzat. 12 urte izateko mutil handia da, eta hizketan ere oso ondo egiten duena, bere adinerako aurreratua dela esango nuke. Nire ustez 100 kilokoa erraz jasoko du.

Aian segituz, herrian bertan, idi probak aipatu behar ditugu, urteroko Kintopeko Txapelketa asteartean hasi zelako. 16 idi pare izango dira bertan: azaroaren 4an eta 5ean, 22:00etan; igandean 18:00etan, eta hilaren 7an, 22:00etan. Eskualdeko ordezkaria Larraulgo Kixkurre izango da, eta igandean ariko da bere idi parearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!