Aitzol Atutxa, Nazabal, eta larrauldarrak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko eka. 3a, 11:08

Larunbatean jokatu zen Azpeitian Urrezko Aizkolarien Banakako Finala. Lau aizkolari aritu ziren lehian, eta ez zen ezusteko handirik izan, Aitzol Atutxak jantzi baitzuen txapela.

Berarekin lehian Arria V.a ibili zen. Errezildarrak bigarren amaitu zuen. Ondoren Jon Rekondo leitzarra izan zen. Lan luzea hasi aurretik, Rekondo 15 segundora zuen Atutxak, baina leitzarra goitik behera etorri zen, eta hirugarren amaitu zuen azkenean. Laugarrena Eneko Otaño beizamarra gelditu zen. Esan behar da, Atutxaren bosgarren finala zela, eta orain arte txapelik ez zuela. Oraingo honetan, ordea, merezimendu osoz irabazi zuen.

23 urte azpikoetan ere jokatu zen finala, eta Eneko Saralegi leitzarrak irabazi zuen. Julen Larrea min hartuta ez zen finalera agertu, nahiz eta ikusle bezala han egon zen. Bere lekua Oier Kañamaresek bete zuen, eta Saralegi ederki estutu zuen aizkolari txiki bezain bizkorrak. Azkenean, ikuskizun polita eskaini zuten bi gazteek.  

Azpeitiko herri kirol saioarekin bukatzeko, Santa Sousaren marka aipatu behar da. Gizonak txapelketan ibiltzen dituzten txingekin, hau da, 50na kilokoekin, sei plaza eta erdi egin zituen Sousak. Gehiago egiteko asmoa zuela esan zuen amaieran, baina beroarekin arazoak izan zituela zioen, eskuak izerditan ezin sekatu, eta baita urduritasuna ere. Hala eta guztiz ere, hor gelditzen da Azpeitian jarri zuen marka.  


Bestalde, Aizarnazabalen, idi demak izan genituen, uztarri motzean edo idi bakarrarekin. 17 idi atera ziren eta Lopategirena izan zen garailea, 47 plazarekin. Albiste ona Pedro Joxe larrauldarrak eman zigun, bigarren egin baitzuen ezustean 46 plazarekin. Bigarren larrauldarra, Kixkurre, ez zen ondo aritu, eta azken aurreko postuan gelditu zen.


Azkenik, igandean, Etxarri Aranazen Floren Nazabal aizkolariari omenaldia egin zioten. 47 urte egitear dagoen honetan, aizkora utziko du Nazabalek. Otaño ibartarrak bezala, gerriko arazoek ez diote nahi bezala ibiltzen uzten Nazabali, eta agur esan beharrean aurkitu da. Euskal Herriko txapela sei aldiz jantzia da arantzarra; Nafarroakoa 9tan irabazi du, eta Urrezko Aizkora beste horrenbestetan. Aizkolarien munduan, historia egin du Floren Nazabal handiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!