ZIENTZIAREN TALAIA

COVID-19: amildegiaren ertzean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2021ko mai. 14a, 20:58

Azken egunotan aldaketa nahikotxo egon dira pandemiaren kudeaketari dagokionez eta baita egoera epidemiologikoari dagokionez. Datuak nahiko baikorrak dira epe motzean, baina, epe luzeko aurreikuspenak ez dira batere onak. Amildegiaren ertzean dantzan gaude, begiak estalita, hurrengo pausoa non jarriko dugun zoriaren esku utziz.

Pandemiaren bilakaera eta intzidentzia tasaren eboluzioa nahiko erraz aurreikusteko modukoa da. Martxo hasieran idatzi nuen azken analisian hirugarren olatuaren amaieran geunden, egia esan, momenturik itxaropentsuenean idatzitako testua izan zen hura. Momentu hartan Tolosako hamalau eguneko intzidentzia tasa 139 zen, Tolosaldekoa 185 ingurukoa, Gipuzkoakoa 188 eta EAEkoa 255. Bi hilabete pasa dira eta oraintxe antzeko egoeran gaude. Intzidentzia askoz altuagoa da, bai, baina beherakada espero da epe motzean. Hitz hauek idazten ditudan unean, maiatzaren 11n, Tolosako intzidentzia tasa 593 da eta zazpi eguneko tasen arrazoia, aldiz, 0,90. Gipuzkoari dagokionez, 477 eta 0,74 dira balio horiek. Tasen arrazoia 1 baino txikiagoa izateak esan nahi du kasu positiboen kopurua murrizten ari dela eta, hortaz, beherakada nahiko azkarreko unean gaude, bereziki Gipuzkoan.

Datuak nahiko baikorrak dira epe motzean, baina, epe luzeko aurreikuspenak ez dira batere onak. Amildegiaren ertzean dantzan gaude [...].

Egoeraren alde baikorra hor amaitzen da; izan ere, ez dugu ahaztu behar oraingo olatuak, laugarrenak, gora eta behera egiteko behar izango dituen bi hilabeteetan egoera latzak eta heriotzak egon direla. Askok urrutitik ikusi eta sentitu dugun arren, laugarren olatuak bidesari garestia izan du hainbatentzat. Marmotaren eguna balitz bezala, laugarren olatuaren amaierara iristen garenean, ekaina hasieran, udako gehiegikeriek ekarriko duten bosgarren olatuaren zain egotea besterik ez zaigu falta. Dena espero bezala badoa, urtea amaitu aurretik seigarren eta agian zazpigarren olatuak ere etorriko zaizkigu.

Esan bezala, pandemiaren bilakaera eta intzidentzia tasaren eboluzioa nahiko erraz aurreikusteko modukoak dira eta askok jada etsi dutela dirudi. Olatu horiei ahal den bezala eustea besterik ez zaigu gelditzen neurririk hartzen ez bada. Horixe da agintariek irudikatzen duten etorkizuna, dirudienez. Alarma egoera amaitzearekin batera, badirudi pandemia amaitu dela, eta larunbat gauean, Tolosan ere hainbatek bazuten zer ospatu, antza. Su artifizial eta txupinazoren bat ere egon zen eta zinez espero dut ZIUetatik ez entzun izana. Neurri murriztaileek sortutako ezinegona eta haserrea guztiz ulergarria da, nik ere salatu izan dut nire testuetan agintariek kasu askotan ezarritako neurrien zentzu falta, oinarri epidemiologiko falta, baina, argi dago ez dagoela ezer ospatzeko.

Zorionez oraindik asko dira legez agindu gabe ere gomendioak betetzen dituztenak eta gomendioak eman gabe ere zentzuz jokatzen dutenak

Duela gutxi alor desberdinetako adituek COVID-19aren Liburu Zuria argitaratu dute eta bertan deskribatzen dira zehaztasun paregabeez egoera honi aurre egiteko egin beharko genukeena. Egia esan, hartu beharko liratekeen neurriei buruz ez dago askorik gehitzeko. Guztiok dakigu zer egin beharko genukeen aerosolen bidez kutsatzea eta birusaren hedapena murrizteko. Kontua da, zer egin beharko genukeen jakinda, zer egingo dugun. Gauzak horrela, udako bosgarren olatua ahalik eta txikiena izatea lortu behar dugu eta orain bai, gure esku dago soilik. Adituen aholkuei muzin eginez, agintariek berriro ere datuak hobetzen doazenean zentzuzko neurriak, hartzeari uko egin diote. Zorionez oraindik asko dira legez agindu gabe ere gomendioak betetzen dituztenak eta gomendioak eman gabe ere zentzuz jokatzen dutenak. Izatekotan, horiei esker salbatuko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!