ZIENTZIAREN TALAIA

Begirada nahasiak

Erabiltzailearen aurpegia

Hilabete honetan zehar Tolosako kultur etxean koronabirusari buruzko hitzaldi zikloa antolatu da, Koronabirusa: Beste begiradak - Otras miradas izenburupean. Bertan entzundakoarengatik kezkatuta eta larrituta, zenbait ideia ekarri nahi ditut Zientziaren Talaiara.

Lehenik eta behin argi utzi nahi dut ez dudala zalantzan jarriko hizlarien curriculuma ezta pentsatzeko modua ere. Libreak gara nahi dugun iritzia izateko. Alabaina, espazio publikoan eta osasun egoera larri honetan, zenbait ideia zabaltzea oso arriskutsua da. Hitzaldi zikloak iraun duen tartean gauzak asko okertu dira, hilabete gogorrak datoz, baina, ez inork beldurra sartu nahi digulako edo konspirazio bat dagoelako, baizik eta zientziaren bidez aurre egin ezin diogun arazo baten aurrean gaudelako. Egoera honetan, erantzukizuna guztiona da eta nik maskara ez jartzea erabakitzen badut zuri ere kaltetzen ari naiz. Hortaz, erabakia ezin da librea izan. Edonork edozer esan dezake, bai, baina besteok ez dugu toleranteak izan behar esandako edozein gauzaren aurrean.

Egoera honetan, erantzukizuna guztiona da eta nik maskara ez jartzea erabakitzen badut zuri ere kaltetzen ari naiz. Hortaz, erabakia ezin da librea izan. Edonork edozer esan dezake, bai, baina besteok ez dugu toleranteak izan behar esandako edozein gauzaren aurrean.

Ez naiz hasiko ebidentzia zehatzik eman gabe egindako adierazpenak ezeztatzen, baina, batzuk nahiko larriak izan ziren eta horrelako adierazpenek froga sendoak beharko lituzkete. Kultur etxean behin eta berriz ideia konspiranoikoak aipatu dira eta hedabideetan ez zaiela hitz egiten uzten. Eskerrak. Adibide labur gisa: hitzaldietako batean maskaren erabileraren aldeko ebidentziarik ez dagoela esan zen, kalean kutsatzea «ia ezinezkoa» dela eta PCRak ez direla eraginkorrak. Galderen txandan iritsi zen okerrena. Orduan, txertoetan pozoiak sartzen dizkigutela entzun zen eta maskaren erabileraren aurkako aldarriek etenik gabe jarraitu zuten.

Hitzaldi zikloaren berri ATARIAn bertan argitaratutako albiste baten bidez izan nuen. Albistea irakurri ahala, laster hasten ziren elkarrizketatuaren hitzak kirrinka egiten: komunikabideek ahots bakarra eta ofiziala aurkezten dutela, ez dietela ahots desberdinei lekurik egiten, pentsamendu bakarrera bideratu nahi gaituztela, pandemiari aurre egiteko neurriak zalantzan jarri behar direla, izua sortzeko interes berezi bat dagoela eta abar. Bai, badakit ATARIAk ez duela bere gain hartzen egunkarian adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik, baina, egoera latz honetan oinarririk gabe horrelako astakeriak zabaltzea arriskutsua da. Hedabide batek ez luke horrelako informazioa zabaltzen kolaboratu beharko. Pena ematen dit, izan ere, ATARIAko parte sentitzen naiz. Kalitate handiko hedabidea dela pentsatzen dut, baina, kasu honetan albistea kontrasterik gabe argitaratu zen. Balio dezala honek akatsa zuzentzeko.

Tolosako Udalak ere badu zeresana. Ulertzen dut udalak ezin duela kontrolatu bere espazioetan antolatutako hitzaldietan zer esango den, baina, lehen hitzaldiaren ostean besteek hartuko zuten norabidea argi zegoen. Adierazpen-askatasunaren izenean udalak onartuko al luke edozein ergelkeria zabalduko duen hitzaldia antolatzea? Ez dut uste. Hori gutxi balitz, hitzaldietako batean behintzat udalaren ardurapekoa den aireztatu gabeko gune itxi batean berrogei pertsonatik gora elkatu ginen eta ziurtatzen dizuet, kontatu egin nituelako, entzuleen hiru laurdenak baino gehiagok maskara jarri gabe zeukala. Askok hitzaldian zehar kendu zuten eta, ziur asko, horrela jokatzea logikoa da hitzaldian entzun zenaren ostean. Beste hitzaldietako batean ere jada alarma egoeran murgilduta, maskararik gabekoak ere egon ziren.

Guzti honetaz kezkatzen nauena ez da hitzaldian entzun zena iritziak libreak dira, baizik eta, entzuleak zein ideiekin joan ziren etxera eta hurrengo egunetik aurrera zein jokabide izango zuten osasun-gomendioen aurrean. Nire hitz hauek zuetako norbaiten hausnarketa bultzatzen badu, guztiok dugun erantzukizun sozialari buruz pentsarazteko balio badu edo akatsak onartu eta zuzentzeko balio badu, zientziaren txoko honek duen izateko arrazoiak piztuta jarraituko du.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!