ZIENTZIAREN TALAIA

Intsulina: gauza txikien garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2020ko ots. 9a, 05:57

Gauza txikiak oso garrantzitsuak dira, sarritan, gauza handiak baino garrantzitsuagoak. Gauza txiki batek ez badu bere lana ondo egiten, ez badago behar den lekuan eta behar den unean, guztia pikutara joan daiteke. Horixe gertatzen da intsulinarekin. 

Zure organismoan dena ondo badoa, hormona horren funtzioa zein den ere ez duzu jakingo, ziur aski.

Intsulina ez balego, ordea, zure organismoak ezingo luke aurrera jarraitu. Laguntzarik gabe ez, behintzat.

Intsulina pankreak jariatzen duen hormonetako bat da, berrogeita hamaika aminoazidoz osatutakoa. Hormona izateak esan nahi du gure organismok funtzioen erregulazioan, alegia, kontrolean parte hartzen duela, nola edo hala. Intsulinaren kasuan, bere funtzio nagusiena odoleko glukosa kontzentrazioa kontrolpean izatea da. Horregatik, intsulinak bere funtzioa ezin duenean bete odoleko glukosa altuegi mantentzen da eta horrek kalte larriak ekar ditzake epe luzean.

Elikatzen garenean, hainbat substantzia sartzen ditugu gorputzean. Elikagaiak digestio-aparatutik pasa ostean, molekula txikiagoetan zatitzen dira edo eraldatu egiten dira. Molekula horien artean nagusienetakoa glukosa da. Horregatik, jan ondoren odolean glukosa asko metatzen da odolean. Glukosa horren helburua gure gorputzeko zelulak dira; izan ere, zelulek glukosa erabiltzen dute beraien makineria martxan jartzeko. Azken batean, glukosa energia-iturria garrantzitsua da eta horri esker egin ditzakegu egiten ditugun gauza guztiak: arnasa hartu, ikusi, mugitu, eta abar. Alabaina, hori guztia gerta dadin glukosak zelula barrura sartu behar du. Une horretan da beharrezkoa intsulina. Intsulinak glukosari laguntzen dio zeluletara sartzen eta, horrela, zelulek beraien funtzioak egiten jarraitu dezakete. Hortaz, pankrea gai da odoleko glukosa kontzentrazioa neurtzeko eta altua den unean intsulina jariatzen hasten da. Intsulinak glukosari zeluletan sartzen laguntzen dio eta, hortaz, odoleko kontzentrazioa berriro ere murriztu egiten da. Dena ondo doa.

Hala ere, zenbait kasutan glukosaren metabolismoaren erregulazioan arazoak egoten dira: horixe da diabetikoen kasua. Diabetesa bi motakoa izan daiteke: 1 motako diabetikoek ez dute intsulinarik jariatzen pankrean eta, hortaz, ez dira gai odoleko glukosa kontzentrazioa murrizteko. 2 motako diabetikoen kasuan, aldiz, intsulinaren eta zelulen arteko loturan gertatzen da akatsa. Edozein kasutan, bigarren kasu horretan ere ondorioa berdina da: glukosa ezin da zeluletara iritsi. 2 motako diabetesa helduaroan agertu ohi da eta, nagusiki, dieta eta ohitura desegokien ondorioz agertzen da.


1923. urtera arte, diabetesa izatea heriotza zigorra zen. Ez zegoen erremedio eraginkorrik.

Dieta kontrolatuta gaixoen bizitza zertxobait luzatzea lortzen zuten, baina, ezin zen beste askorik egin. Gaur egun, zorionez, baditugu intsulina lortzeko eta gaixoei injektatzeko moduak. Hasiera batean txerri eta behien pankreak erabiltzen ziren gaixoek falta zuten intsulina lortzeko eta, egun, bakteria eta legamia transgenikoetatik lortzen da modu eraginkorrago, seguruago eta merkeagoak erabiliz. Edozein kasutan, hormona txiki baten gabezia konpontzeko bideak. Dena pikutara joatea eragin dezakeen hormona txikia. Dena ondo dagoenean ezagutu ere ez duguna egiten, baina, eskerrak hor dagoen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!