Zientziaren Talaia

Gezurren iraunkortasuna

Erabiltzailearen aurpegia

Lehen aldiz entzuten dugun informazioa memorian ondo gordeta geratzen zaigu, batez ere guk sortu dugun kontaketarekin bat datorrenean. 

Nolabait, informazio jakin batekin kausa-efektu logiko bat osatzen badugu, geroago informazio hori okerra dela esaten badigute ere, sortu dugun kausa-efektu hori mantendu egiten da. Istorio logikoak gustuko ditugu, nolabait esateko.

Pentsa iragarki batean elikagai osasungarri bati buruzko elkarrizketa bat ikusten dugula, elikagai hori zein ona den azaltzen duena. Jarraian, iragarkiak elikagaiaren hainbat ezaugarri ematen dizkigu, balizko albo-ondorioak, edo beste elikagaiekin izan dezakeen elkarrekintza, adibidez. Informazio guzti horrekin, iragarkia ikusi dugunok horri buruzko iritzi bat osatuko du. Hortik denbora batera, iragarkian emandako daturen bat gezurra dela frogatzen bada elikagaia saltzen duenak berak atzera egin behar izan duelako, esaterako, gai izango al ginateke gure iritzia aldatzeko? Ikerketek erakutsi dutenez, kosta egiten zaigu gure kontakizun logikoen aurka doazen ideiak onartzea. Anne Hamby eta bere lankideek kontu horiek aztertu dituzte eta hainbat esperimentu egin dituzte erabakiak hartzeko gaitasuna hobeto ezagutzeko.

Lehenagotik jakina zenez, hasieran egoki bezala aurkeztu zaigun informazioak gure memoria eta arrazoitzeko modua baldintzatzen du, nahiz eta geroago informazioa desegokia dela frogatu. Harrigarriena zera da: nahiz eta gu gai izan gogoratzeko informazioa ez dela egokia, informazio oker horrek ere gure memoria baldintzatzen du. Efektu horri Eragin Jarraituko Efektua deritzo psikologian. Efektu horren adibide bat Zientziaren Talaian bertan jarri nuen 2017ko artikulu batean eta oraindik gure artean dirau. Txertoen eta autismoaren arteko lotura Andrew Wakefield zientzialariaren ikerketa batean oinarritzen da, baina, geroago frogatu zen ikerketa hori iruzurra izan zela eta datuak faltsutu egin zirela aipatutako lotura ezartzeko. Froga horiek dauden arren, kaltea egina zegoen eta, egun, hainbat lekutan entzun eta irakurri daiteke txertoek autismoa eragin dezaketela. Asko kostatzen zaigu hasieran egokitzat hartu dugun informazioa baztertzea, nahiz eta aurrerago ikusi informazio hori ez dela zuzena.

Ane Hamby eta bere lankideek egindako ikerketaren atal batean, boluntarioek poker jokalari baten istorioa irakurri zuten. Istorioak esaten zuenez, poker jokalaria oso arrakastatsua zen eta beti konbutxa te berezi bat trago bat hartzen zuen pokerrean jokatzen zuen bitartean. Istorioa irakurri ostean, boluntarioak bitan banatzen ziren. Talde bati esaten zitzaion ikerketen arabera konbutxak garun-eraginkortasuna hobetzen duela eta beste taldeari, aldiz, konbutxa giharrentzako ona zela esaten zioten. Lehen taldekoek kausa-efektua aurkitzen zuten eta, haien ustez, konbutxa zen poker jokalariaren arrakastaren erantzulea. Bigarren taldeak aldiz, konbutxari buruz emandako informazioak ez zuen balio pokerrean izandako arrakasta azaltzeko. Jarraian, bi taldeei jakinarazten zitzaien emandako informazioa gezurra zela, hau da, konbutxak ez duela eraginik organismoan. Hala eta guztiz ere, lehen taldeari askoz ere gehiago kosta zitzaion emandako informazioa gezurra zela onartzea; izan ere, sortu zuten kontakizunarekin bat zetorren. Harrigarriena, hala ere, jarraian datorrena da. Ikerketarekin amaitzean, parte hartu zuten guztiei edariak eskaini zizkieten ikertzaileek eta, lehen taldeko kideek bigarren taldekoek baino gehiagotan aukeratu zuten konbutxa edatea. Boluntarioek bazekiten konbutxak ez dauzkala ezaugarri bereziak, bazekiten eman zitzaien informazioa gezurra zela, baina, hala ere, hasieran emandako informazio faltsuan oinarrituta konbutxa edan zuten.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!