Koronabirusa

Egoki-tzen?

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2020ko mai. 10a, 09:59

Gizakiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da ingurune eta egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna. Moldakorra dela, onerako eta txarrerako. Ikusi besterik ez dago; zerbaitegatik da planeta honetako espezie garrantzitsuena. Jakin duelako egokitzen munduak eskaintzen dituen klima, orografia eta baldintza desberdin guztietara. Glaziazioetan, lehorteetan… Eta nola ez, baita izurrietan ere.

Oraintxe bertan, bi indar dauzkagu tiraka, ezker-eskuin. Batetik zuhurtzia, edo beldurra nahi baduzu. Sen horixe da belaunaldiz belaunaldi bizirauten lagundu digun sentipen garrantzitsuenetako bat. Eta bestetik geure-geurea dugun izaera soziala, gure espeziearen ezaugarri berezienetako bat, norbanako bakoitzaren gainetik jendarte bihurtzen gaituena.

Eta bi indar horien erdiko orekan bilatu dugu, beste behin, egoera berrira egokitzeko bidea: aurkitu ditugu balkoiak eta bizilagunak, berreskuratu ditugu musika eta literatura. Gazte eta zahar, berdin baliatu ditugu teknologia berrienak, aurrez aurreko harremanak pantailekin ordezkatuz.

Eta nobedadeak dakarren baikortasunarekin eta euforiarekin, zinez uste dugu jarraituko dugula auzotar ezagutu berriekin astero elkartzen. Hemendik aurrera ere gehiago joango garela azokara, nahiz eta itxialdian zehar joan garen aurrenekoz, aspaldi ikusi gabeko jendearekin topo egiteko itxaropenez. Sinesten dugu gehiago erosiko dugula herriko denda txikietan, supermerkatu handietako ilara luzeak saihesteko bakarrik ezagutu ditugun arren.

Badauzkagu borondate ona eta itxaropena, baina has gaitezen berriz hasieratik. Gizakiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da ingurune eta egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna. Moldakorra dela, onerako eta txarrerako. Eta egoera lehengora itzultzen denean, zer egingo dugu? Itxialdian hartutako ohitura berriei eutsi edo egokitu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!