51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Urterokoaren xarma

Erabiltzailearen aurpegia

Aurten ere etorri eta joan zaigu abesbatza lehiaketa. Berrogeita hamaikagarrena, alajaina! Honez gero jakina den bezala, Indonesiako Batavia Madrigal Singers abesbatzak jaso du sari nagusia, merezimendu osoz jaso ere, nire iritzirako.

Horrez gain, bereziki aipatu nahi nuke Poloniako Art’n Voices ahots taldeak publikoarekin lortu duen konexioa. Ekarri zuten proposamena indonesiarrena bezain ikusgarria izan ez arren, magiaz betetako bide bat osatu zuen, notaz nota, entzuleen belarrietaraino. Eta ezin esan gabe utzi inoiz baino emakumezko zuzendari gehiago ikusi ditugula taula gainean, eta bi emakume ere bazirela epaimahaian. Aurrera goaz eta pozgarria da hori. 

Aurkezleek behin baino gehiagotan esan bezala, ezinezkoa zen iazko Championsa gainditzea. Baina ez genuke bi edizioak elkarrekin alderatzeko akatsa egin behar, iazkoa berezia eta bakarra izan zelako, eta aurtengoa ez zen haren jarraipena, baizik eta ohiko martxari berriz heltzea. Horregatik azpimarratu nahi ditut urterokoari xarma ematen dioten beste gauza batzuk, epaileek puntuak ematean kontuan hartzen ez dituztenak eta abesbatzen errepertorioetan entzuten ez direnak. 

Ez daude partituretan idatzita, baina ozen entzuten dira aretoan: inoizko udazkenik beroena izanik ere, kantuen erdian eutsi ezinezko eztul hotsak. Eta eztul hotsaren ondoren, mentazko karamelua ahoratu nahi eta, papera kentzean saihestu ezin den kras-kras hori. Saioz saio eta oharrak ohar, itzali gabe gelditzen diren sakelako telefonoak –aurten bakarren batek lortu du mezu bat iristearen adierazgarri den soinua kantuarekin afinatzea-. Edo musikaz gozatzen erakutsi nahian, gurasoen eskutik Leidorrera joaten diren haurrak, edertasunaren eta geldi egon ezinaren oreka arriskutsuan dantzan. 

Akaso esango duzue “xarma” ez dela hitzik egokiena halakoak izendatzeko. Tira ba, jar gaitezen nostalgiko eta erromantikoago. Zer diozue kantu bat guztiz bukatu aurretik, goizegi hasten diren txalo lotsatiez? Edo kantua hain modu delikatuan bukatu ondoren, lehen txaloak egiten ausartu aurretik sortzen diren isiltasun magikoez? Jakin nahi nuke abesbatzek zer pentsatzen duten, hogei minutuko errepertorioan zehar alaitasuna, indarra, fintasuna, sentsibilitatea eta beste hainbat emozio transmititzen saiatu ondoren, txaloak pixkanaka elkarren erritmora batzen entzuten dituztenean. Kaosa orden bilakatzen den une liluragarri horretan. 

Eta balorazio musikal guztien gainetik, lehiaketako unerik hunkigarrienetako bat etortzen da bukaeran: publikoa besaulkitik altxatzen denean, eszenatoki gainean bere maila gorena eman duen taldearen aurrean zutik, eta Agur jaunak ezaguna (edo ezezaguna) kantatzen dionean, esker onez.  Hurrengo urtean berriz une magiko gehiago bizitzeko itxaropenez. Edo, magikoak ez direnak ere bai, badakigulako urtebete barru berriz ere inguruan egongo dela Leidorrera eztula kronikoarekin eta kilo bat karamelurekin joaten den hori. Ni, behintzat, zain egongo naiz. 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!