Tripako-minak

Erabiltzailearen aurpegia

Nerabezaroan sartu orduko ikasi nuen hileroko bisita gorria ezkutatzen. Ez zidan inork esan konpresa eta tanpoiak korrika pasa behar nituela motxilatik patrikara estalkien kolore biziak disimulatzeko nahian.

Baina halaxe egiten nuen badaezpada, oso konplize ez ziren gelako mutil nerabeen begietatik ihesi.

Behin, hasiberritan, hilerokoak bete-betean harrapatu zidan bi eguneko irteera bat ikaskideekin. Orduan, amak esan zidan inork baino lehenago esnatu behar nuela, eta besteak ohean zeuden bitartean dutxatu. Ez zidan esan zergatik, eta ez zuen asmo txarrik, jakina, baina ulertu nuen inork ez zuela izan behar nire hankarteko jarioaren berri.

Baina nik, batzuetan ezin izaten dut ezkutatu. Tripako-minak ematen dizkit, bi motatakoak gainera: sabelekoa eta erraietakoa.

Betidanik izan ditut hileroko mingarriak. Badakit badaudela ia oharkabean pasatzen duten emakumeak, badutenik gogoratu ere egiten ez direnak. Ez dut nik halako zorterik. Niregan ohikoa da sabelari minez eustea, etzanda edo pikotxetan, eta postura aurkitu ezinik ibiltzea, oinazez oka egiteraino.

Ordea, erraietako mina eragiten didana da sabelekoa ezkutuan pasa beharrak. Sentitzea ezin dudala esan sabeleko mina hilerokoak eragin didanik. Oka egin dudala uteroko mugimenduek emandako kalanbreengatik, eta ez garaian garaiko gastroenteritisagatik.

Horregatik, jakin dezatela denek. Gaur hilerokoa daukat. Eta iritzi hau jaso behar duena madarikatzen egongo da seguru asko, atzo jaso behar zuelako. Baina atzo, ez nintzen gai. Hori da bai, hilerokoagatik. Ea horrela minaren erdia behintzat arintzen zaidan.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzen nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!