Kalera noa ihesi?

Erabiltzailearen aurpegia

Leporaino dabil lantokian. Legezko zortzi orduak ez dira nahikoa iritsi zaien lan guztia aurrera ateratzeko. Krisia gainditzen ari garen honetan, badakizu... ezin ezeri ezetzik esan! Beraz, zortzi ordu lantokian, batzuetan bederatzi edo hamar ere bai, eta gero beste pare bat etxean, ordenagailu aurrean, begiek erre arte.

Ezin ahaztu ingelesa ikasten ari dela. Bidaiatzeko eskolakoarekin moldatzen zen baina... egunen batean lanpostu hobea lortu nahi badu ezinbestekoa da tituluren bat izatea. Agian alemanarekin hasiko da datorren urtean... Gainera, boluntarioa da herriko elikagaien bankuan. Horrek esan nahi du astean behin edo bitan joan behar duela lokalera, janariak sailkatu eta banatzera.

Badirudi gai dela dena eramateko, baina halako batean, estresa gehiegizkoa izan da eta hautsi egin da. Ezin du gehiago. Erretiro espiritual horietako batera joatea erabaki du, arima, edo karma, edo dena delakoa garbitzera. Eta arnasa hartzera.

Itzuleran, beste pertsona bat da. Lasaiago hartzen du bizitza, badaki non dauden bere mugak, eta eraman dezakeena bakarrik hartzen du bere gain. Aspaldiko partez familiarekin bildu da baserrian, eta bazkalostean etxeko osabak galdetu dio zer egin duen erretiro horretan:

- Terapia egin dut animaliekin, jaten ematen genien eta oinarrizko beharrak zaindu. Horrela ikasi dut gutxirekin bizi naitekeela, eta neure burua ondo zaindu behar dudala. Landare eta zuhaitzekin ere egin dut terapia. Baratzea landuz ikasi dut ingurukoekin pazientzia izaten, eta fruituak biltzen pasatako denborak erakutsi dit denbora hartu behar dudala pentsatzeko, gogoeta egiteko.

Osabak txundituta entzun dio, begiak eta ahoa zabalik...

- Eta hori terapia al da? Baserrira etortzea besterik ez zenuen...

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!