Bio-erritmoak

Erabiltzailearen aurpegia

Animalia askok lozorroan pasatzen dute negua. Hotzak otzanduta, lurpean edo haitzuloen epelean sartzen dira, zereginik gabe, eguraldi txarrari babesean aurre egiteko. Naturaren eta bizitzaren legeak omen.

Guk, berriz, berezko ziklo horren aurka funtzionatzen dugu nolabait. Neguan ez, udan iristen baitzaigu gizakioi, alferkeriarako sasoia. Hotzak beharrean, beroak otzantzen gaitu. Eta joera hartzen dugu etzateko, belarretan edo hondarretan, sofan edo hamakan. Urtaro horizontala da uda guretzat.

Landareak oparo egon ohi dira udan. Loretan pasa dute bizia dakarren udaberria, eta fruituz betetzen dira udan, pixkanaka helduz, udazkenean uzta biltzerako.

Aitzitik, gizakion bizitzak ez du fruiturik ematen. Nagiaren nagiz, hustu egiten dira lantokiak, bai langilez eta bai lanez; hustu egiten dira egunkariak ere, eta albiste bakan eta hutsalek apaintzen dituzte zuri-beltzeko orrialdeak. 

Horixe gertatu zait niri ere. «Udaberrian lanez lepo nabil» esan nion artikuluak idazteko eskatzen didan kontaktuari. «Ekaina bukatu arte ezin dut ezer idazteko konpromisorik hartu». Orain ordea, udan sartu garenean, bio-erritmoa aldatu zait. Badirudi grabitatearen indarra handiagoa dela, horizontalerantz tiratzen nauela. Albisteak berriz urri datoz, urri, bakan eta hutsal.

Agian horregatik daramatzat hiru egun, ordenagailu aurrean eseri eta zer idatzi ez dakidala. Horregatik daramatzat hiru egun albisteak gainetik irakurtzen, inolako interesik gabe. Naturaren aurkako bio-erritmoa garatu dugulako.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzen nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!