Kolpeka

Erabiltzailearen aurpegia

Kolpeka bizi gara. Ez elkarri tira, tarteka hori ere bai…, ez da hori esan nahi dudana. Nolabait esateko, erritmo kolpeak deituko nieke, bat-bateko azelerazioak eta pixkanakako baretzeak; Sumindura kolpeak.

Adibidez, joan den astean txundituta esnatu ginen denok Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi dituelako. Eta kezkatzekoa da, jakina, ez dut nik kontrakorik esango. Izan ere, nola da posible, munduko demokraziarik handiena omen denean, latinoek hautagai arrazista bozkatzea? Emakumeek hautagai matxistari ematea botoa, sexu-jazarpenagatiko salaketak dituen horri, lehenengo emakumezko presidentea izan zitekeen hautagaia baztertuta?

Bai, sumintzen gaituzte Trump jaunaren ateraldiek, eta sumindura hori izango dugu hizpide datozen bi asteetan, edo hilabetean, agian. Baina gero, gure bizitzetako errutinara itzuliko gara berriz, sumindura kolpea baretuta.

Eta horrelaxe bizi gara, albiste batekin sutu eta haserrea baretzen den arteko zikloan, gora eta behera. Hor ditugu Siriako errefuxiatuak ere, munduko hondamendi humanitariorik handiena omen ziren (eta dira). Baina baretu zitzaigun haiekiko kezka. Gero negua iritsi zen, eta Europa erdialdean, hotzak hilko zirela uste genuen. Eta berriz larritu ginen. Baina exodoa hasi zeneko bigarren neguan sartzera goaz, eta ahaztu zaizkigu dagoeneko.

Oso eroso bizi gara, kafe inguruko hizketagaia ematen diguten albisteekin haserretuz eta gero baretuz. Pentsatzen jarria nago, erraza dela urruneko albisteekin sumintzea, haserretzea, kezkatzea, eta gero lasaitzea. Bertakoekin kezkatutakoan, zailagoa dela justifikatzea arazoa ahaztu egiten zaigula, errutinara bueltatu nahi dugula. Eta oso nekagarria dela etengabe gure inguruko arazoak konpondu nahian bizitzea. Aldian behineko sumindura kolpe bat baino askoz ere nekagarriagoa, ezta?

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!