OLERKIA

Harri-kartoiz

Erabiltzailearen aurpegia

Harri-kartoiz dekoratu genuen mundua

paperezko hegazkinetan bidaiatu dugu

eta amets plastifikatuak sortu

erabili eta botatzekoak.

Bat-batean mila zatitan txikitu zaigu ziurtasuna

zorroztu egin dira mugak

probintzien artekoak zein azaletik azalerakoak

zaharrak banatu ditugu gazteengandik, hilgarriak hiltzaileengandik 

eta harrika hartu ditugu arduragabeak

bizitzan lehen aldiz ez egitea zailagoa zaigu

egitea baino.

Baina bitartean erleak etorri dira

eta txiki geratu zaizkie zapatilak haurrei

gauza arriskutsu asko ditugu egiteko

garagardoak elkarbanatu

eta geure zapalkuntzak jasateko

nor zapaltzen dugun aztertu.

Noizbait ordenagailuak itzali eta ateak irekiko ditugu

ADNrik utzi gabe hartuko ditugu kaleak

amets jasangarriak fabrikatuko ditugu

eta hegazkinak egin paper birziklatuz

mundu berri bat eraiki beharra daukagu

ikasi dugunarekin.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!