Klima aldaketa eta errauste planta

Erabiltzailearen aurpegia

Politikarien lotsarako, 16 urteko neska gazte suediar batek, Greta Thunberg izena duenak, abiatu du borroka, gainean dugun arazo handienetako baten aurka neurriak har ditzaten, eta bere herritik beste hainbat lekutara zabaldu da. 

Oso argumentu sinplea erabili du Gretak: «Lurra berotzen ari da, zuek helduok ez dituzue jasan beharko horrek dakarzkigun ondorio kaltegarriak, baina guk, gazteok, bai. Ez dizuegu eskatzen geuk esandakoa egiteko, baizik eta komunitate zientifikoa erre-ke-erre esaten ari zaizuena bete dezazuen eskatzen dizuegu, lurra hondamendira daramazuela baitiote zientzialariek». Gretaren belaunaldiak lur planetaz geuk bezalaxe gozatzen jarraitu nahi du zahartzaroan, beroaren beroaz ezin bizirik egon beharrean.

Benetan interesgarria erabili duen argumentua bere borrokaren defentsa egiteko, guztiz logikoa eta argia. Bejondeiela gazteei!

Eta Gipuzkoan zer? Europak aholkatutako bideari jarraitu beharrean, Bilduren Aldundiko gobernuak egin moduan, erabaki dute zaborra erretzeko tresna bat martxan jartzea, osasunarentzat kaltegarria eta klima berotzen duena, ironia eta txarkeria handia erabilita jarri ere martxan, izan ere, errauste planta ingurumenaren aldeko zentro moduan saldu digute lotsagabe-lotsagabe.

Lurra hozteko bidea jorratu ordez, justu kontrako bidea hartu dute oraingo agintariek: CO? gehiago botatzea lurra berotzen jarraitzeko. Bai, horixe ari dira egiten 2020an.

Horrek lurra berotzen lagunduko du eta inguru horretan gaixotasun larriak ugarituko dira (leuzemiak, linfomak,...) errauste plantak dauden leku guztietan gertatzen ari den moduan.


Gure seme-alaba eta bilobek kontuak eskatuko dizkigute lurraren berotzeagatik eta errauste plantak sortutako gaixotasunengatik, hau da, utzitako herentzia kaltegarri honengatik:

Ez al zenekiten lurra neurrigabe berotzen ari zinetela? Ez al zenekiten errauste plantak gaixotasun larriak sortzen zituena? Zergatik ez zenuten ezer egin? Zergatik utzi zenieten hain erraz errauste planta malapartatua egin zezaten? Lotsatuko gara, besterik ez, eta gaixotasuna jasaten dutenei kimioak on egin diezaien opako diete ironia finez errauste planta egin dutenek. Senideei egokitzean izango dituzte komeriak azalpen koherente eta duina emateko. Damua garaiz! esaldi ederra da, baina oraingoan berandu dator.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!