Bidegabea izan zen. Bai horixe!

Erabiltzailearen aurpegia

Bidegabea izan zen 1939ko apirilaren 1etik aurrera, gerra amaitu zenetik aurrera, milaka lagun fusilatzea eta errepide bazterretan lurperatzea, beren senitartekoei gorpuak entregatu ere egin gabe.

Bidegabea izan zen langile batailoietan, esklabo moduan, milaka lagun edukitzea mendeku zital gisa.

Bidegabea izan zen 40 urteko diktadura mantentzea eta horrek ekarri zuen giza eskubide guztien urraketa 1977an amnistiatzea, diktadura hori epaitu gabe, Nurembergen naziekin ez bezala.

Bidegabea izan zen frankista guztiak «betidaniko demokrata» bihurtzea egun batetik bestera, giza eskubideak modu oso latzean urratu izan ez balituzte bezala.

Bidegabea izan zen frankismoaren oinarriak aintzat hartuta 1978ko konstituzioa onartzea, estatu honetako nazioek autodeterminatzeko eskubiderik gabe utzita, frankismoaren TOPa mantenduta, fiskalak eta epaileak aldatu gabe, polizia berbera…

Bidegabea da lehen, bigarren eta hirugarren mailako biktimak izatea.

Bidegabea da inor ez epaitzea milaka torturatu dagoela jakinda, bidegabea ez zigortzea, ez ahalegintzea justizia egiten torturatu horiekin guztiekin.

Bidegabea da Altsasuko gazteei egiten dihardutena eta baita gainontzeko euskal preso politikoei eta horiek bisitatzera doazen guztiei egiten dietena ere.

Bidegabea da Kataluniari egiten ari zaizkiona.

Bidegabea da, oso gainera, batzuei ez eskatzea bidegabekeria egin dutela esateko eta kartzela eta tortura jasan dutenei soilik eskatzea. Bidegabea izateaz gain, txerrikeria galanta ere bada jarrera hori!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!