Pobreak pobreago, aberatsak aberatsago

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2019ko aza. 24a, 19:59
Gero eta ume gutxiago jaiotzen da Euskal Herrian. ATARIA

Mundu guztian gertatzen ari den egoera da izenburuak adierazitakoa, ezaugarri nabarmen batekin: oso aberatsa den %1a gero eta aberatsagoa da, askoz, beste taldeen aldean.

Munduko nagusi bilakatu dira aberats «gutxi» horiek. Datu eskandalagarria: 26 lagunek 3.800 milioi pertsona txiroenek baino aberastasun gehiago daukate. Egundoko aberrazioa, alegia. Eta desoreka gutxitu beharrean areagotzen ari, urtez urte.

Azken urteotako krisiak pertsonon arteko oreka ekonomikoa erabat jarri du aberatsenen alde, baita Euskal Herrian ere. Bide batez, pobrezia gorrian eroritakoen eta eror litezkeenen kopurua dezente handitu da hemen, eta horrek desoreka bidegabea eta kaltegarria sortzen du gizartean, izan ere, desoreka horietatik ez dator ezer onik eta bizi baldintza kaskarrek gizartea gaiztotzea dakarte halabeharrez.

Gero eta ume gutxiago jaiotzen da Euskal Herrian eta, gazteen soldatak dezente hobetu ezean, zorigaiztozko joera horrek ez du etenik izango, soldata duinik gabe ezin baita gaurko gizarte honetara umerik ekarri.

Sortzen ari diren alde horiek gutxitzeko erabakiak administrazioak hartu beharko lituzke (zerga-politika orekatuagoa, iruzur fiskalaren kontrako neurriak, kanpora ateratako dirua berreskuratzea, enpresen irabaziak langileen artean ere banatzea…), eta gizarteak (sindikatuak, alderdi politiko ezkertiarrak, herritarrak oro har) borrokatu beharko luke aldeak gutxitze aldera. Aberastasuna hobeto bana dadin erabaki ausartak hartu behar ditu gure administrazioak eta ez handikien interesen alde egin, orain artean bezala; bestela, gizarte desorekatu gaiztorantz goaz eta euskaldunik gabekora ume faltan. Euskaldunik gabe Euskal Herririk ez dago eta, soldata duinik gabe, umerik ez da izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!