Psikopedagogia

Kurtsoa amaitu da, eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia

Kurtso berezi honen amaierara iritsi gara. Koronabirusa dela eta, ikastetxe guztiek azkar eta ahal duten bezala bide berriak asmatu behar izan dituzte eta horrekin batera familiek ere bai.

Sasoi honetan, hainbat eta hainbat familiek datozen erronka berriei aurre egiteko formulak asmatu beharrean daude. Nahiz eta leku batzuetan ludoteka edota udako aisialdi eskaintza eduki, batez ere, hiri handiagotan, herri txiki batzuetan aurten, ez da ludoteka zerbitzurik egongo.

 

Beraz, pilota familiaren teilatuan dago berriro, nola uztartu familia bizitza eta bizitza profesionala?

Pandemiak argi erakutsi du kontziliazio laborala oso zaila dela eta zaintza zerbitzurik gabe (eskola edota kanpalekuak, ludoteka) familia asko kinka larrian jarri direla familia bizitza eta lan mundua uztartzeko.

Tamalez, kasu gehienetan emakumearengan erortzen da zaintza, hain famatua egin den telelanaren formula aplikatuz. Baina, lan gehigarri horrek antsietatea eta estresa sortu ditu ikasturtean zehar eta udaran ere, ildo beretik jarraituko du, haur eta gazteentzako aisialdi eskaintza murriztu baita.

Nerabeen kasuan, igerileku eta hondartzak daude egun pasa joateko, baina hainbat eta hainbat oztopo izango dira bertara joan ahal izateko. Agintarien aldetik, egoera honetan eskaintza eza ikusten dugu, bakoitzak ahal duena egin dezala!

 

Zoritxarrez, ez gara ohartzen haurrak, gazteak eta hauen familiak direla kaltetuak. Haurrak eta gazteek erlazionatu beharra dute, elkarrekin jolastu, baloreetan hezi eta familiak berriz atsedena eta lan mundua eta familia uztartu behar ditu.

 

Helduen kasuan, helduen aisialdia ase dago, zinemak, tabernak, terrazak irekita daudelako. Haur eta gaztetxoen kasuan, parkeak itxita jarraitzen dute eta aipatu bezala, aisialdi eskaintza gutxi edo ezer ez. Beraz, zein gizarte da hau non haurrak eta gazteak bigarren lekuan uzten dituena? Nola uztartu gizarte integratzailea, ahulenak (haurrak, gazteak eta zaharrak) albo batera uzten ez dituena? Pandemiak gabeziak airean utzi ditu, gabeziak erantzuten hasteko garaia iritsi zaigu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!