Erakutsiz ikasi

Kolore morez jantzi dira Herrikideko ikasleak

Erabiltzailearen aurpegia
Kolore morez jantzi dira Herrikideko ikasleak

Herrikideko ikasleon artean berdintasun sena piztu da. Dena ikasturte hasieran sortu zen, udaran zehar emakumeok jasan behar izan ditugun injustiziak buruan genituela.

Bazen garaia guztion ahotan dabilen gaiari erantzuna ematen dioten ikasleek indarrak batzeko. Beti izan ditugu giza-balioen aldeko mugimenduak ikastetxean: Eguberri eta elkartasun kanpainak, belaunaldien arteko harremanak… Funtsean, ikaskuntza eta zerbitzua izenburupean sailka daitezkeen ekimenak. Hauek guztiak, ordea, irakasleek proposaturikoak dira eta oraingoan, guk, batxilergoko ikasleok, berdintasunari gure bultzada eman nahi izan diogu. Izan ere, bete-betean eragiten diguten arazoei ezin genien entzungor egin eta aurre egiteko talde feminista bat sortu dugu eskolan. Lehenengo aldiz, ikasleon iniziatibaz eratu den taldea da geurea. Ikasturte hasierarekin batera martxan jarri ginen, dagoeneko 33 ikasle gara eta gogo eta ilusio handiz ekin diogu antolakuntzari.

Jakina denez, XXI. mendean, emakumeok egoera tamalgarriak jasan behar izaten ditugu egunerokotasunean; hala nola, parrandatik etxera itzultzean pasatzen dugun beldurra edo agerian nahiz ezkutuan gertatzen diren jokabide matxistak eta mikromatxistak. Honen aurrean, talde honen proposamena eskolaren egoera aztertzea eta konpontzen saiatzea da, dagokigun eremuan zuzendu beharreko portaerak ikusten baditugu.

Garrantzitsua iruditzen zaigu hezkidetza gazteenen artean lantzea. Askotan hitz egiten dugu gai honi buruz, baina, gutxitan sakondu. Lehenik eta behin, gure taldearen izena finkatu genuen, Herrikideko Talde Feminista (HTF). Jarraian, gure helburuak eta lan egiteko modua zeintzuk izango ziren adostu behar genituen. Antolakuntzari dagokionez, bi sail sortu ditugu: komunikazioa eta ekimenak. Lehenengoak matxismoa jasaten duen edonoren aldarrikapena edo salaketa bermatu nahi ditu, eta bigarrena eskola mailan ekintzak antolatzeaz arduratuko da.

Lehen esan bezala, gure helburuetako bat txikitatik berdintasuna jomuga duen heziketa feminista zabaltzea da. Horrez gain, pertsona kritikoak eta aktiboak nahi ditugu gure eskolan. Horretarako, gurekin komunikazioa errazteko gmail bat sortu dugu, eta bertan edozein ikaslek egoera matxista bat bizi edo ikusten badu guk lagunduko diogu.

Bestalde, ekintzei dagokienez, azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, lehenengoari ekin diogu. Eta ez da azkenekoa izango. Ez, horixe.

HERRIKIDEKO TALDE FEMINISTA

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.


EGIN ATARIKIDE!