Erakutsiz ikasi

Magia

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2017ko aza. 20a, 08:03

Magia, hitz bakarrez deskriba dezaket bertsolaritza; koplak, doinuak, neurriak, errimak.... osatzen dutena baino askoz gehiago dela iruditzen zait, euskal kulturako zati garrantzitsu bat, ikuspegi bat, komunikazioa.

Askok jakingo duzuen bezala, aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ari da ospatzen, eta bertan bertsolarien ahotik atera eta gure bihotzeraino iristen diren kantu xarmagarriak entzungo ditugu. Hain justu, hilabete barru ospatuko da eta ni BEC-en izango naiz.

Beste hamahiru mila lagunekin batera BEC-en izango naizela esatean, duela hiruzpalau urte bertsozale amorratua ez nintzela gogoratzen dut, baina azken urteetan falta zitzaidan xarma aurkitu diot, egia esan; jada, bihotzeko txoko kuttunenean kokatzen dut gaur egun «hitzen magia».

Azken urteetan bertsolaritza asko aldatu da. Urteak pasa ahala emakume bertsolarien izenak areagotu egin dira, eta hau orain dela 20 urte pentsaezina zen. Gogoan dut umeagoak ginela bat bera ere entzuten ez genuela eta argi nuen arrazoia ez zela neskek afiziorik ez izatea. Orain, aldiz, nork ez du entzun Maialen Lujanbiok gizona eta andrea denaren azaletik kantatutako kartzelako gaia edo Miren Amurizak eta Maddalen Arzallusek amari eginiko bertsoa? Harrigarria da bertso horiek transmititzen dutena.

Zaletasuna piztu zitzaidanetik, makina bat bertso saio ikusi ditut, Tolosan bertan ATARIA-k antolatzen duen saiotik hasiz, Herrikidek urtero antolatzen duen bertso afariarekin jarraituz eta Irunen ospatutako finalaurrekoraino. Guzti-guztietan harriturik geratu izan naiz bertsolarien erraztasun eta kalitatea ikusirik; ez al da paregabea?

Nork ez luke gustuko artista hauen moduko bertso bat osatzea? Barne-barnetik sentitzen duzuna modu honetan adieraztea? Konformatu beharko dut artista hauen bertso apartak jasotzearekin, gure aurrean oholtzan daudela, gutxien espero dugunean gugan zirrara eragiteko prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!