«Astebetez pozaz gozatu eta lanean jarraituko dut»

Erabiltzailearen aurpegia

Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak IX. Erniarraitz bertso sariketako txapela jantzi zuen ostiralean.

Mujikak 276 puntu eskuratuta jantzi zuen txapela. Haren atzetik, Aitor Bizkarra sailkatu zen, 269 punturekin. Aitor Salegi izan zen atzoko saioan kantatu zuen eskualdeko bertsolari bakarra, eta hirugarren postuan sailkatu zen zestoarra, 268 punturekin. Laugarren postuan Aratz Igartzabal sailkatu zen (266 puntu); bosgarrenean, Eneko Araiztegi (265,5 puntu); eta, seigarrenean, Joanes Illarregi (258 puntu). 250 bat lagun bildu ziren Gaztetxean.

Finala amaitzean, “pozik” hitz egin zuen asteasuarrak Urola Kostako Hitzaren mikrofonoen aurrean.

Nola joan da saioa?
Niri iruditu zait saioa erregular xamarra izan dela hasieratik. Zortziko handian nahiko gustura geratu naiz. Zortziko txikian ere bai. Puntu-erantzunetan bigarren bertsoan irristada txiki bat izan dut, eta pena horrekin noa. Baina bestela ondo. Bakarka badakit zertarako gai naizen eta egindakoa oso 'brillantea' ez izanagatik ere, gustura nago.

Zein helbururekin joan zara?
Egia esan martxarako gogoarekin etorri naiz, emaitzei begira baino gehiago. Egia esan aste hau nahiko traketsa izan da bertso eskolan eta ez dut nire maila onena eman. Baina denek esan didate hori ona izaten dela: bezperan txarra botatzea, egunean onena botatzeko. Gaur eroso sentitu naiz, batez ere, bertsotan aritzeko moduarekin. Gustura nago, bai txapelagatik, baita bertsotan egitean izan dudan aldarteagatik ere. Bertsotarako gogotsu nago. Gauza batzuk nahiz eta ez horren ondo atera, puntu-erantzunetan bezala, berriz ere bertsotako gogoa jarri eta jarraitzeko gai izan naiz.

Zerekin egin duzu topo finalean?
Duela 2 urte Unai Mendizabal bertso eskolako lagunak hemen abestu zuen eta, gainera, irabazi egin zuen. Oihana Iguaran ere bertso eskolako kidea dut eta duela 2 urte beraiek biak ikustera etorri ginen. Sekulako giroarekin egin genuen topo, eta gaur ere horrelako zerbait espero nuen. Egia esan gora igo eta gaztetxea beteta ikustea pozgarria da eta sekulako motibazioa ematen du. Esan digutenez 250 pertsona izango ginen. Iruditu zait publikoa ez dela lehertu, saioa bera ere ez delako lehertu, baina pixka bat pena hori genuela aipatzen genuen. Gainontzean pozgarria da horrela ikustea, eskualde honetan bertsoa osasuntsu dagoen seinale.

Erniarraitz irabazi ostean...
Posa sentitu dut. Aurrera begira ez du ezer aldatzen. Andoni Egañari-eta askotan entzun izan diegu Lizardi bat edo Osinalde bat irabazi eta bazinela nor. Gaur egun hori ez dago. Baina uste dut orduan irabazi berritan sentitzen zen poza eta orain irabazi berritan sentitzen den poza berdin-berdina dela. Beraz, astebetetxo honetan pozaz gozatu eta gero berriz ere lanean hasiko naiz, ea aurrera begira nora iristen garen.

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.

Egin Atarikide!