Ispilua eta kintsugia

Erabiltzailearen aurpegia
Ispilua eta kintsugia. BEATRIZ RUBIO

Idazle bat orrialde zuri baten aurrean bezala, ispiluaren aurrean biluzi naiz gaur. Ispiluak islatzen duen irudia psikologiaren legeen mende dago, lege fisikoen mende baino gehiago; geruza hotz horren gainean zizelkatutako zu horren balorazioa ezinbestean lotuta dago zure pentsamendua gidatzen dituen emozioekin.

Eta hala ere, hor dago, irudi hori naiz ni. Ispilu honek nire irudia bere oroimenean grabatu du, iluntasunak edo nire ausentziak bakarrik ezabatuko luke. Borgesek maisutasunez idazten zuen kristal barnera-ezinaren aurrean sentitzen zuen izuaz.

Nire bularrean lehen amodio hark, ahanzten ez denak, ukiezina zirudienak, utzitako orbaina ikus dezaket.

Nire ezpainen ertzetik sortzen diren zimurrak ikus ditzaket (dirudienez, peribukalak deitzen dira eta azido hialuroniko deritzon batek ezabatzen ditu), lehen aldien gozamenez eratuak: lehen musua, lehen kontzertua (eta lehen mozkorra), lehen bidaia bizkar-zorroa sorbaldan, unibertsitateko lehen eguna...

Nire sabelean amatasunaren ildaskak ikus ditzaket. Seme-alabak jaio aurretik laztantzen dituzun eta zugan presente jarraitzen duten ildaskak, nahiz eta seme-alabengan ildaska berriak sortuko diren bizitza ematen jarraitzeko.

Ispiluan begiratzen diot neure buruari, eta pitxer japoniarra bezala ikusten dut nire gorputza urrez blai, harrokeriarik gabe baina engainurik gabe

Eskuetan erroitzak ikus ditzaket lanpostu, proiektu, erronka eta errekonozimendu horren bila lanean eragindakoak.

Eta marka, orbain, ildaska eta erroitza horiek guztiek definitzen naute. Guztiek marrazten dute nire gorputza eta nire izaera, oroitzapen guzti-guztiak dira, nahiz eta gutxi bete (21 gramo besterik ez), nire arima osatzen dutenak.

Zergatik hainbeste ahalegin haiek ezkutatu, mozorrotu eta erbesteratzeko? Kintsugia japoniar jatorriko ehunka urteko teknika bat da. Urrezko hautsarekin nahastutako erretxinazko bernizarekin hautsitako zeramikazko piezen konponketan datza. Pitzadurak ez dira kamuflatzen, nabarmendu egiten dira. Ispiluan begiratzen diot neure buruari, eta pitxer japoniarra bezala ikusten dut nire gorputza urrez blai, harrokeriarik gabe baina engainurik gabe.

Egin diezagun identitate errealari apologia, ez inposatuari, ez digitalari. Maita gaitezen garen bezala eta era horretan garen bezala agertuko gara besteen aurrean. Gure esperientzia guztiek, min ematen dutenek eta aberasten gaituztenek, guztiek, damurik gabe, arrangurarik gabe, bizia eman digute, eta bizitza, Izarok uda honetan kantatu digun bezala «es un maravilloso, espléndido recuerdo del pasado», baita etorkizunez betetako aukera ere, abesten dut nik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!