Lizentzia libreko euskara

Erabiltzailearen aurpegia

Hizkuntza gutxi izango dira munduan (proportzioan behinik behin) euskarak adina eduki libre sortzen duenik. Ez da ahaztu behar, adibidez, idatzizko euskarazko komunikabide gehienak lizentzia librearekin argitaratzen direla (Berria, Argia, tokiko komunikabideak, …). Hizkuntza akademia txit gureak ere lizentzia librearekin jarduteko hautua egin du.

Gainera, hiztun kopuruari dagokionez, euskarazko wikipedia goialdean dago. Baina ez bakarrik artikulu kopuruari eta artikuluen kalitateari dagokionez, dinamismoari dagokionez ere. Txikipedia, lehiaketak, hezkuntza eragileeekin harremanak eta abar. Eta azken aldion Euskal Herriko bidaia gida irekia egiteko garatzen ari diren Wikibizi kanpaina.

Badira hobetzekoak, jakina. Esate baterako, testu-liburuetan edo literaturan, idatziari dagokionez, eta ikus-entzunezkoei dagokienez. Ez da oso ulergarria euskarazko idatzizko komunikabideei lizentzia libreak ezartzea eta hedabide publikoek lizentzia pribatiboekin aritzea. Nire ustez, horiek ere lizentzia libreen uhinera batu beharko lirateke.

Azken finean, hizkuntza eraikuntza librea da, denok egunero erabili eta moldatu egiten duguna. Eta edukiak askatuz, eraikuntza libre horren garapena laguntzen dugu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!